Bilboko Udalak 2.100.000 euroko aurrekontua bideratuko du uriko 17 ikastetxe publikotan energia-efizientzia, irisgarritasuna edo akustika jasangarria hobetzeko jarduketak egiteko, haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikastetxeetan erosotasuna eta segurtasuna hobetzeko helburuarekin.

Era berean, aurtengo ekitaldian, ikastetxeetako teilatuetan eta egituretan egiten diren ohiko lanak ere aurreikusten dira, baita irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzekoak eta instalazioak eguneratzeko egiten direnak ere (arotzeria, instalazio elektrikoak, bainugelak eta saneamenduak...), beste batzuen artean.

Inbertsio-programa hori Bilboko Udaleko Hezkuntza Sailarena da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin lankidetzan egiten du, UDALAGUNTZA 2023ren bidez eta 2024ko abenduaren 31 baino lehen egingo da.

Eider Bilbao Hezkuntza Saileko zinegotziak baieztatu duenez eskola publikoak “lehentasunezkoak dira hezkuntza-komunitatearentzat” eta, hortaz, ikastetxeak behar bezala egokitzeko beharrezkoak diren lanak egitearen alde dago.

Eskolak hezkuntza-ekosistemetako zutabe nagusiak dira. Haurrek beste leku batzuetan izango ez dituzten erronkak eta ikasteko aukerak aurkitu behar dituzten guneak dira. Leku zainduak eta babestuak izan behar dute.

Gaur egun, eskola-parke zaharra dago Bilbon. Eta ondorioz, patologiak eta funtzio- eta zerbitzu-gabeziak ditu, eta horiek guztiek inbertsio handiak behar dituzte.

Hobekuntza-programa hau 2024ko aurrekontuko inbertsioen kapituluaren barruan dago (5.168.000 milioi eurokoa da). Kapitulu horretan, ikastetxeetako inbertsioez gain, Haur Hezkuntzako plaza berriak sortzea eta patio inklusiboak gaitzea biltzen da.