Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibusen Barik txartelarekin (Creditrans eta Gizatrans titulu propioak) 2024ko urtarrilaren 14tik 2025eko urtarrilaren 13ra bitartean ordaindutako bidaien prezioan % 50eko deskontua aplikatzea onartu du gaur. Foru erakundearen eskumena da Bizkaibus zerbitzuan bereak diren aipatutako garraio-tituluetan (Creditrans eta Gizatrans ) hobariak arautzea.

Neurri honekin Aldundiak azkar jardun du eta bidaiarien garraio publikoaren tarifetan urtebetez, urtarrilaren 14tik aurrera zenbatuta, hobariak emateko prozedura onartzen du, horrela 8/2023 Errege Lege Dekretuaren laguntza jaso ahal izateko. Gaur egun, aldi baterako abonuek (Bidai 50, Bidai 70, Bidai Oro, Gazte 70 eta Gazte Oro) % 20ko deskontua dute legegintzaldi honetarako garraio publikoa sustatzeko foru planarekin bat joan den abenduaren 26an onartu ondoren, eta horien arauketa Bizkaiko Garraio Partzuergoari (BGP-CTB) dagokio.

Aurreikusita dago, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP-CTB) urtarrilaren 4an egindako ezohiko bileran hartutako erabakiaren ondoren, herritarren alegazioak jasotzeko 30 eguneko nahitaezko jendaurreko epea amaitzen denean % 50eko hobaria aplikatuko zaiela bai aldi baterako ordainketei (BIDAI eta GAZTE) bai BGP-CTBren titulartasuneko Creditrans tituluari.

Bilbo - Gasteiz lineak

Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak onartu du % 50eko hobaria aplikatzea Bilbo - Gasteiz autobus lineetako garraio-abonuetan eta erabilera askotako tituluetan. Ildo horretatik, A-3400 emakidaren enpresa esleipendunari, Autobuses La Unión SAri, 2024. urte osoan zehar garraio-abonuen eta bidaia askotako tituluen (joan-etorriko txartela alde batera utzita) prezioa % 50 murrizteaz gain, garraio-abonuak eta bidaia askotako tituluak erabili dituzten erabiltzaileei 2024ko urtarrilaren 1etik 13ra bitartean aplikatu ez den % 30a itzultzeko edo konpentsatzeko eskatu dio.