Koronabirusaren pandemiak eragindako kalte ekonomikoei aurre egiteko sortu ziren tokiko merkataritza suspertzeko bonuen kanpaina berri bat jarriko du martxan Elorrioko Udalak. 'Elorrixon dendarik denda' izeneko kanpaina hau bihar abiaraziko da, eta hilabete osoan egongo da indarrean. Horretarako, Udalak 20.000 euro bideratu ditu.

Bonoekin, 30 euroko erosketa batengatik 20 euro ordainduko dituzte herritarrek; hots, %33 aurreztuko dute. 18 urtetik gorako pertsona bakoitzak bi bonu trukatzeko aukera izango du. Bi aldiz baliatu ahalko dute deskonturako aukera edo bi bonuak erosketa bakarrean erabili –azken kasu horretan, erosketaren zenbatekoa gutxienez 60 eurokoa izan beharko da–.

Komertzio bakarrean edo bitan egin ahalko dira erosketak; betiere, kanpainara atxikitutako negozioak badira. Guztira, Elorrioko 31 komertzio atxikitu dira oraingoan kanpainara, eta bakoitzak 64 bono izango ditu herritarren eskura.

Aurreko kanpainetan bezala, bono fisikoen ordez, merkatariek kudeatutako aplikazio informatikoa erabiliko da. Hala, herritarrek euren NANarekin komertzioetara joan eta erosketa egin beharko dute bakarrik; hau da, ez dute bestelako euskarri edo agiririk beharko.

Bigarren eskuko azoka solidarioa

Bestalde, eskola Agenda 2030en baitan, Lourdeseko Ama Ikastetxeko, Txintxirri Ikastolako eta Elorrioko Institutu Publikoko ikasleak elkarlanean aritu dira azken asteetan bigarren eskuko azoka prestatzeko.

Merkatua maiatzaren 3an izango da, 08:30etik 14:00etara. Ikasleek Nizeto Urkizuko aparkalekuko ohiko azokako saltokien artean salmahaia jarriko dute, aurretik bildutako materialei bigarren bizitza emateko asmoz. Lortutako dirua eta dohaintzan emandako materiala irabazi-asmorik gabeko hainbat erakunderentzat izango da, zehazki Kainabera, Rio de Oro eta Caritasentzat.

Ekimen honen testuingurua Garapen Jasangarriaren Helburuekin dago lotuta. Izan ere,ikasturte honetan, helburu horietako hamabigarrena aztertu dute, hau da, ‘Ekoizpeneta Kontsumo Arduratsua’. Hala, Elorrioko egoera aztertu eta azaldu zuten, eta aurreko Udal Foroan, jasangarriagoak izateko helburuarekin, bigarren eskuko merkatuak egiteaproposatu zioten Udalari, baiezko erantzuna jasota.

Gogoratu beharra dago jarduera horrek eta bertan sortutako proiektuek 2030 Agendaren Garapen Jasangarriaren Helburuak (GJH) modu aktiboan betetzen laguntzeko balioko dutela; izan ere, Elorrioko Udala udalerri jasangarrien euskal sareko (Udalsarea 2030) partaidea da, 2022ko maiatzean sinatu zen konpromisoa aintzat hartuta.