Ezagutzera eman du Elorrioko Udalak hiru eta hamasei urte bitarteko haur eta gazteei bideratutako Uztaila Oparo programaren egitaraua. Besteak beste, udaleku bat eta igeriketa ikastaro bat antolatu egin du Udalak.

Udalak herri-kanpamentua antolatu du 3 eta 12 urte arteko elorriarrentzat. Hiru txanda aukera izango dituzte familiek: uztail osokoa, 1etik 26ra; zein bi astekoak, 1etik 12ra edo 15etik 26ra. Goizetan, 09:30etik 13:30era izango da kanpamentua, eta astean behin irteerak egingo dituzte, 16:30ak arte. Aukeratutako txandaren arabera, prezioa 90 eta 175 euro artekoa izango da eta izen-emate epeak apirilaren 18tik 30era iraungo du.

Bestalde, haurrentzako igeriketa ikastaro trinkoak ere antolatu ditu Udalak, ekainaren 24tik uztailaren 5era arte. 5 eta 12 urte arteko haurrei zuzenduta dago, Elorrioko Kiroldegian egingo da eta bertan eman behar da izena edo informazioa eskatu. Prezioari dagokionez, hamabostaldi bakoitzeko 25 euro ordaindu beharko dute abonatuek eta 50 ez-abonatuek.

Ekintza gehiago

Herriko kirol elkarteen eskutik kirol aukera gehiago ere egongo dira udan: CD Elorrioren Beta Teknifikazio Campusa eta Elorrioko Rugby-Taldearen kanpamentua.

Halaber, Txintxirri ikastolak hiru ekintza antolatu ditu ekainaren 24tik uztailaren 12ra bitartean: Eman hegoak udaleku irekiak, Enjoy english eta Dantza udalekua. Eta Lourdeseko Ama ikastetxean ere Summer Fun garatuko dute, ekainaren 24an hasi eta uztailaren 12rarte.

Jarduera horiei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, eskola edo klubekin jarri beharko da harremanetan.