Beste urte batez, Senpere aintzira euskararen aldeko festaren erdigune bihurtuko da bihar. Ortzadarra lelopean, Herri Urrats ekimenak bere 41. edizioa ospatuko du. Ohikoa denez, musika, dantza, kirola, jolasak eta, batez ere, giro ona izango dira biharko protagonistak.

Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen federazioak antolatutako biharko festan jasotzen den dirua urte asko eraikin aurrefabrikatuak erabiltzen egon den eta eraiki ezinean dagoen Beskoitzeko ikastolara bideratuko da. Zentzu honetan, nabarmentzekoa da urteetan zehar 33 ikastola, 5 kolegio eta lizeo bat eraiki direla Herri Urratseko irabaziei esker.

Festa 10:00etan hasiko da eta ekimenak Euskal Herriko probintzien izena duten zazpi guneetan banatuko dira. Adibidez, Nafarroa Berria gunean Basapiztiak, Mister Xaguak, Zetkin, Delirium Tremens, Muga Zero, Esne Beltza eta Leihotikan taldeek kontzertuak eskainiko dituzte. Araba Berria gunean, berriz, Haizea Arrosa, Niko Etxart, Bele, Neomak, Nogen eta Holako Deluxek. Eremu horretan Mutxikoak egongo dira ere.

Gipuzkoa gunean Amets Arzallus, Irantzu Idoate, Haira Aizpurua eta Unai Agirre bertsolariak arituko dira, Xalbat Alzugarayren gidaritzapean, eta egunean zehar musika emanaldiak egongo dira.

Bestalde, Xiberua dantza gunea izango da, Bizkaia gune berrian umeentzat puzgarriak egongo dira eta Baxe Nafarrokoan Erronka Nazionala burutuko da. Ekimen honetan, Hego Euskal Herriko lau probintzietako lau ikastetxetako ordezkariak hainbat jokoren bidez lehiatuko dira. Lapurdi guneari dagokionez, Zapiain Sagardotegia egongo da bertan, bai eta Zikiroa eta Kuxkutu bezalako taldeen emanaldiak eta umeentzat jarduerak. Azkenik, Kattalin Elizalde kolegioko KEI gune berrian pilota partidak jokatuko dira goiz osoan.

Gerturatutakoek janari eta edariekin indarrak berreskuratu dezaten sei txosna jarriko dira, bai eta sagardotegi erraldoi bat, non 250 bazkari eskainiko dira. Bi ordainketa-aukera egongo dira: tiketen bitartez (800.000 inprimatu dira) edo txartelarekin ordaintzeko jarri diren 18 makinen bidez.

Autobus zerbitzua

Urtero bezala, aurten ere Herri Urratsera hurbiltzeko autobus linea zuzenak ezarri dira Donepaule, Irisarri-Heleta, Basaburua, Maule, Garazi, Baigorri, Bardoze, Baiona, Hazparne, Mugerre eta Hendaiatik. Gainera, Txik-Txakekin egindako akordioari esker autobus zerbitzu berri bat eskainiko da Kanbo, Ezpeleta eta Donibane Lohitzunetik, jendeak kotxea geltokietan utzi eta autobusez aintzirara hurbiltzeko aukera izan dezan.

Txik-Txaken zerbitzuak goizeko 8:30ean hasiko dira eta bueltako azken autobusa 19:10an izango da. Txartelek 3 euroko balioa izango dute.

Ortzadarra eta zubia

Herri Urratseko antolatzaileek biharkoa ongi pasatzeko aukera ederra dela aitortu dute, eta argi utzi dute euskaraz bizitzeko nahia lau haizetara aldarrikatuko dutela, ortzadar erraldoi bat margotuz aintziran. Izan ere, ortzadarra da aurtengo leloa, horren kolore bakoitzak ekimenean elkarrekin lan egiteko elkartzen diren esperientzia, identitate eta ikuspuntu aniztasuna sinbolizatzen dituelako.

Ortzadarraz haratago, aurtengo logoan zubiaren kontzeptua islatu da ere, Euskal Herriaren baitan hainbat pertsona, kultura eta komunitateen batasuna irudikatu nahian. “Ikastolak zubigileak gara, bokazio hori daukagu. Gure arteko harremanak eraiki ditugunean, gertukoenen artean bezala, lurralde desberdinen artean, zubiak eraiki ditugu euskara izanik lehengai. Eta zubiak eraiki ditugu, gu bezala, hizkuntza gutxituetan mintzo diren herriekin ere. Zubiek batu egiten dute eta guk batasun hori ere islatu nahi dugu” azaldu dute Seaskatik.

Gauzak horrela, Ipar Euskal Herriko Ikastolen federazioak ortzadarra eraikitzera gerturatzeko deia egin die euskal herritar guztiei, biharko eguna euskaldunen eskubideak defendatzeko balio izan dezan, bai eta haur, gazte eta helduei zuzendutako ekimenetaz gozatzeko ere.

Programazioa

Araba Berria gunea

  • 10:00-11:00 Haize Arrosa
  • 11:30-12:30 Mutxikoak
  • 13:00-14:00 Niko Etxart
  • 14:30-15:30 Bele
  • 16:00-17:00 Neomak
  • 17:30-18:30 Nøgen
  • 19:00-20:00 Holako Deluxe

Gipuzkoa gunea

  • 11:00-12:00 Bertsolariak: Amets Arzallus, Irantzu Idoate, Haira Aizpurua eta Unai Agirre. Gaijartzaile: Xalbat Alzugaray:
  • 12:30-13:30 Baiona kantuz
  • 14:00-15:00 Etxepe
  • 15:30-16:30 Pisso & Oph
  • 17:00-18:00 Eire
  • 18:30-20:00 Dj Bull eta Elepunto

Nafarroa Badok gunea

  • 10:00-10:45 Basapistiak
  • 11:15-12:00 Mister Saguak
  • 12:30-13:15 Zetkin
  • 13:45-15:00 Delirium Tremens
  • 15:30-16:15 Muga Zero
  • 16:45-18:00 Esne Beltza
  • 18:30-19:30 Leihotikan

Lapurdi gunea

  • 12:00 Kuxkuxtu bazkaria alaitzen

mantagorri eszena

  • 11:00-12:00 Gurashow
  • 13:00-14:15 Pontx
  • 16:00-17:30 Gora bihotzak

Xiberoa gunea

  • 11:00-11:30 Estitxu Robleseta Dantzaz
  • 12:00-12:30 Neskena
  • 13:00-13:30 Brilli Banda
  • 14:00-15:00 Ortzadar eta erregetxopitak
  • 15:30-16:30 Los Chancaires

Baxe Nafarroa gunea

Erronka Nazionala

Bizkaia gunea

Haurren txokoa

Kei Gunea

Pilota partidak goizean zehar