Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du datorren igandean, martxoaren 31n, ospatuko den Trans Ikusgarritasunaren Nazioarteko Egunarekin. Ekimen horren helburu nagusia trans pertsonak ikusgarri egitea eta jasaten duten diskriminazioa salatzea da, haienganako indarkeria erabat ezabatzeko. Horretarako, Bilboko Udaletik uriko baldosan oinarritutako sentsibilizazio-kanpaina bat jarri dute martxan.

Egun honetarako diseinatutako irudia baldosan oinarritzen da. Baldosa uriaren elementu bereizgarrietako bat da, eta trans banderaren koloreekin –arrosa, urdina eta zuria– margotuta dago, Bilbok sexu- eta genero-aniztasunean duen jarreraren erakusgarri.

Bilboko Udalak gonbidapena luzatzen die herritarrei, sexu-orientazioagatiko edo genero-adierazpenagatiko edozein diskriminazio, gorroto edo indarkeria desagerrarazteko bidean aurrera egiteko konpromisoarekin bat egin dezaten. Helburu horrekin, kanpaina berri hau hainbat euskarri fisikotan zabalduko da, hala nola hiri-altzarietan, udal-egoitzetako pantaila digitaletan eta Bilboko Udalaren webgune ofizialean, bai eta Udalak sare sozialetan dituen kontuetan ere: Bilbao Berdintasuna ––facebook eta twitter– eta Bilbao Udala –facebook, instagram eta twitter–.

Berdintasunaren eta inklusioaren aldeko gisa honetako kanpainak Udalaren bi proiektu estrategikoren barruan txertatzen dira: Bilbao Balioen Hiria eta Nazio Batuen 2030 Agendako Garapen Jasangarriko Helburuak. Proiektu horien bidez, balioak garapen-eragile dituen hiri bat eraikitzeko lan egiten da.