Zenbait argazki jaso nituen sakelekoan. Astelehena izango zen beranduenera, hauteskunde osteko ajea, biharamuna. Bertan Gorlizekoak omen ziren zenbait argazki ageri ziren, paretetan pintadak emakumeen aurka, Vox-en alde, LGTBIQ kolektiboaren aurka, eta svastikaren bat alderantziz margotuta. Ezin gehiegi eskatu horretan ibili denari, gaixoak nahikoa dauka bere buruarekin.

Beste argazki bat ere bazen, non margo hori eta gorriz Espainiako bandera margotua adierazten zen, bi xerra txorizo ere bai, eta hauei zegokien koipea paperean itsatsirik. Bi alderdi abertzale nagusienen aurkako mezurik bazen, gutunean sarturiko hestebetearekin hitz-jokoa osatuz. Segidan Espainiari gorazarre egiten zion idazleak, baita oliba olioari eta urdaiazpikoari ere. Ez zait okurritzen independentziari edo aberri bati aurka egiteko modu hoberik, inondik inora. Erantzun bat eman beharko banioke, taloa eta txistorra esango nioke, gauzak argi uzteko, eta ulertu dezala ulertu behar duenak. Gora Tolosako babarruna askatuta!

Bi adibidetxo baina ez dira hauek, jendearen oinarri eskasaz konturatzeko. Baina hauteskunde eta politikari mordoa izaten dira hainbeste udal eta diputazio artean, eta noski, denetik egon behar. Baten bat aipatzekotan, ezin ahaztu burundanga nola erabili behar den azalduz bideo grabatu duen ultraeskuindar hautagaia. Hau liderra badute, pentsa dezakezue azpikoak nolakoak izan daitezkeen, kobazulotik atera berri, baina hori bai, gominaz ondo apainduta.

Elegantzia falta ere sumatu dut zenbait garaipenetan. Adibidez Iruñeako alkategai sozialistaren batean, eurek ezer irabazi ez eta besteenak ospatuz saltoka, ezin kabitu, agur eta agur. Nire etxeko kontua izango da agian, baina beti irakatsi didate badaezpada ere, etorriko direnetarako, jende guztiarekin ondo gelditzea gauza ederra izan ohi dela, ez baitakizu inoiz bideak elkartuko ote diren berriz, edo noiz izango duzun bestearen beharra.

Garaipena aipatu dut, eta bereziki deigarria egiten zait nola hauteskundeetan ia inork ez duen galtzen. Denek irabazten dute. Bost alkatetza galdu eta bat irabaziz gero, enfasi berezia egingo da irabazitako horretan, oso garrantzitsua zen, beharrezkoa, bide onetik goazenaren seinale? Eta dena galdu dutenek, horrelako inor balitz, mendeku politiko usaineko egur mediatikorik jaso ezean, bigarren plano batera pasa ohi dira pixkatean, soinu asko atera ez, eta indartuta bueltatzeko asmoz.

Agian izango da nire kirol bizi-tzan partida asko galdutakoa naizela, edo irabaztearen garrantzia bere neurrian ulertzen dudala, batez ere ikusitakoak ikusita, baina hauteskunde kanpainetan norberak egin ahal izan duen lanaz gain beste faktore batzuk badirela argi dut. Eta hori horrela izanda, porrotak onartzea ariketa sanoa dela iruditzen zait. Ez da zertan beti kreditu politikorik atera beharrik. Irabazi ez eta botere pixka bat hartzearren garrantzia bilatzen hasten baldin bada bat, dirurik gabe ordaindu nahi izatea bezala da, azkenean zorrak hor izaten dira betiko.