Ene Kantak, 10 urte doinuz eta dantzaz euskara sustatzen

Helburu argi batekin sortu zuten proiektua Urko Oskozek eta Nerea Urbizuk: ikus-entzunezko edukiak sortzea, haurrentzako eta euskaraz. Disko formatuan hasi zena antzokietan hazi, sarean zabaldu eta telebistara iritsi da gaur egun.

13.09.2021 | 10:11
Ene Kantak, 10 urte doinuz eta dantzaz euskara sustatzen

Bi pertsonen arteko proiektu txiki bat izatetik, gaur egun 20 pertsona inguru biltzen dituen lan-taldera. Eskura eta ia lagunartean zituzten baliabideak erabiltzetik, grabazio-platoa, bulegoak, biltegiak eta kroma erraldoi bat dituen 600 metro karratu inguruko lokalera. YouTubeko leihotik, Euskal Herri osoko antzokiteara zein ETB3-ko parrillara. Duela 10 urte Urko Oskozek eta Nerea Urbizuk ez zuten imajinatuko abiatu berri zuten Ene Kantak proiektuak ekarriko zuena. Bizitza aldatu die, bai, baina euren irakasle sena beti bezain bizirik mantentzen da. Entretenimendua, funtsean, hertsiki lotuta baitago hezkuntzarekin.

Hutsune argi bat betetzeko asmoarekin abiatu zen Ene Kantak 2011n: euskarazko entretenimendu edukiak sortzea, interneterako. YouTube kanalean jasotako erantzuna ikusita, bi milioi erreprodukzioen marka ere gailentzen duten bideoklipekin, argi dago bete-betean asmatu zutela, baita hutsune hori akaso zirudiena baino sakonagoa zela. Urbizuk gogoratu duen bezala, "Urkoren harrikada izan zen" proiektua abia-tzearena. "Semea izan berri zuen orduko hartan, eta ohartu zen interneten ez zegoela umeari jartzeko materialik euskaraz. Ordura arte egindako gauzak bazeuden, Pirritx, Porrotx eta Marimotots esateko, erreferenteak direnak alor pedagogikoan, baina gutxi gehiago".

Hala, Oskozek, soinu teknikari bezala ere ibili izandakoak, Urbizurengana jo zuen bere ideiarekin. "Musika irakaslea nintzen orduan eta laguntza eskatu zidan. Bere ideiei forma ematea nahi zuen, eta guzti hori bideoetan bilakatzea ondoren. Kanta-jolas modukoak sortzea izan zen abiapuntua, hasieran".

Bai batak bai besteak argi zeukaten ikus-entzunezko proiektu bat sortu nahi zutela. Hala, bi aldiz pentsatu gabe lanean hasi ziren, eskuz-esku. Lehenengo hazi hartatik sortu zen Ene Kantak CD+DVD-a, 19 kanturekin. Bideoak Nafarroako ikastetxe publiko desberdinetan grabatu ziren, haurrek asmatutako koreografiekin eta hainbat pertsonaia ospetsuren kolaborazioarekin: Pirritx eta Porrotx, Athletic-eko eta Osasunako futbol jokalariak, Gorka Urbizu, Eñaut Elorrieta, Gotzon Barandiaran...

Harrera ona izan zuen lehenengo disko hark hasieratik, Urbizuk gogoan duen bezala: "Zerbait berria zen eta, gainera, gure herri euskaldun hau oso soziala izan da beti, beti laguntzeko prest egon da. Hare gehiago Nafarroan edo euskarak oztopo gehien izan dituen lekuetan. Nahi gabe ere bazeuden erosle ba-tzuk: familiak gehienbat, haurrak euskaraz hezi dituztenak". Disko salmentarekin sortutako diruaren zati bat, Sortzen-Ikasbatuazen bitartez, Nafarroa Garaiko zonalde ez euskaldunetako familiei ekonomikoki laguntzeko izan zen. Izan ere, Ene Kantakek ere izan du helburu hori hasmentatik: euskararekin eta euskaraz jarduten duten ekimenak, elkarteak edo proiektuak laguntzea.

Nafarroa Garaitik Euskal Herri osora

Liburu Magikoa izeneko antzerki-ikuskizuna iritsi zen lehen diskoaren ondoren eta, ordura arte Nafarroa Garaian aski ezaguna zen proiektuak Euskal Herri osora egin zuen salto. Herri txikietako eszenatokietan hasi eta, gutxinaka, gune handiagoetarako urratsa eman zuen emanaldi hark zein hurrengoek. "Hasiera hartan hiruron artean egiten genuen dena: Urko, Jesus Irujo eta ni neu". Irujo, proiektuaren hirugarren zutabea, musika ekoizpenaren arlotik zetorren eta beharrezkoa zuen bikoteak, "disko bat nola egin behar den, nola mugitu eta nola saldu" jakiteko. Antzerkiaren eskutik, lan-taldea hazten hasi zen proiektuarekin bat egin zuten bi aktore eta bi dantzarirekin.

Denbora kontua izan zen YouTubera jauzi egitea. Urbizuk kontatu bezala, orduan Kukuxumusurekin lan egiten zuen marrazkiak sortzeko: "Euren kanalera bideoak igotzen hasi ziren eta pentsatu genuen: zergatik ez gure kanal propiora igo?". Halaxe ailegatu zen sareko eztanda: lehenengo bideoak dagoeneko milioi erdi erreprodukzio baino gehiago dituen bitartean, bi milioitik gohitikoak ere badaude. Tartean, orain artean argitaratutako diskoetan kolaboratu izan duten aurpegi ezagun asko: Manolo García, Kutxi Romero, El Drogas, Aiora Errenteria, Ruper Ordorika, Amets Arzallus... Ene Kantakekin abesten eta dantzatzen aritu diren talde zabalaren lagin bat besterik ez da. "Argi genuen hasieratik proiektua ezagutzera emateko jende ospetsua erakartzea garrantzitsua zela. Ezezkoak jaso ditugun arren, ez da ohikoa izan, erraza izan da jendea inplika-tzea".

Ekindako bideari eutsiz, 2012an plazaratu zen hurrengo diskoa, Neguari abesten, eguberriko kantu tradizionalen artean hit berri bat txertatzea lortu zuena, Ole olentzero ospetsua. Euren webgunean aitortzen duten bezala, "abesti zahar hau erabat moldatu genuen eta oso erakargarria izan da, eskola gehienetan entzun, dantzatu eta abestu delarik". Une horretarako proiektua abiada bizian zihoan trenean bilakatu zen: urteko disko berri batekin, Nerea eta Enekorekin batera Astonauta, Oneka marrazoa edo Satorjator txikienen egunerokoan ezagun egin diren pertsonaietan bilakatu dira jada.

Hare biziagoa izan da abiada proiektuak ETB3-rako jauzia eman duenetik, dudarik gabe taldearen-tzat urrats garrantzitsuenetako bat izan dena. 2019an gertatu zen hori: "ETB haurrentzako eduki berrien bila zebilen, eta gugana jo zuten, gu jada kalean geundelako. Sinbiosi moduko bat izan zen: guk proiektua geneukan eta beraiek, baliabideak". Une horretarako, lan-taldeak egoi-tza berria erosia zuen Atarrabian: 600 metro karratu inguruko lokala, ekoizpen prozesu osoa kudeatzeko prestatatua. Bulegoak, bilera gelak, grabaketa aretoa, biltegia... Gaur egun Ene Kantaken 20 kideko familia osatzen duten gidoilariak, teknikariak eta antzezleak biltzen dituen etxea. "Telebistarako lanean hasteak gure irakasle lanak uztea inplikatu zuen. Bertigo puntu batekin egin genuen hautua... Baina argi daukagu telebistan izan edo ez izan Ene Kantakek aurrera jarraituko duela". Urbizuk, izan ere, argi dauka: "Egiten duguna egitea gustatzen zaigu: euskaraz bizi nahi dugu eta horretarako hau da eskaintzen dugun tresna".

noticias de deia