CIC energiGUNEko, baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroko hiru ikerlari, Batt4EU elkartearen helburuak lortzeko sortu berri diren 5 lantalde iraunkorretatik 3tan parte hartzeko hautatu ditu Europako Bateria Elkarteak (BEPA). Izendatuak Montse Casas Cabanas, Elektrokimika Arloko Koordinatzaile Zientifikoa, Roberto Pacios, arlo horretako Teknologia Koordinatzailea eta Andrea Casas LCAn aditua izan dira.

“Baterien munduko aditu nagusien, Kristina Edström adibidez, aholkularien artean hiru ordezkari izatea, proiekzio handiko lorpena da zentroarentzat”, ziurtatu du Nuria Gisbert CIC EnergiGUNEko Zuzendari Nagusiak. “Izendapen horiek maila pribilegiatuan jartzen gaituzte Europak bateriaren ekosistema propioaren alde egiten duen apustuan laguntzeko, enpresaren eta industriaren ikuspuntutik batez ere”.

Ildo horretan, Batt4EU Elkartearen alde pribatua ordezkatzen duen Batteries European Partnership Association (BEPA) erakundeak, baterien ekosistema europarraren garapena bultzatu nahi du, Batt4EUren Agenda Estrategikoaren barruan identifikatutako I+Gko sei arlori dagozkien bost Lantalde Tekniko abian jarriz, bere helburu nagusiak lortzeko: Europako bateria industrialen fabrikazio lehiakorra eta jasangarria lortzea, emisiorik gabeko mugikortasuna ahalbidetzea eta energia berriztagarrien biltegiratzea integratzea.

Sei arloak hauek dira: Lehengaiak eta birziklapena, Material eta fabrikazio aurreratuak, Bateriaren azken erabilerak eta aplikazioak, Segurtasuna eta Fidagarritasuna, Jasangarritasuna eta Lankidetza, azken hori aurreko guztien zeharkakoa.

Lehenengo bostek Lantalde bat izango dute, eta bertan industriatik datorren lider bat, ikerketa-eremutik datorren liderraren ondoko bat eta Aholkulari Tekniko bat egongo dira. CIC energiGUNEko ikerlariek liderraren ondoko postu bat beteko dute, Roberto Paciosi dagokiona Segurtasun eta Fidagarritasun taldean, eta bi Aholkulari Tekniko izango dituzte: Montse Casas-Cabanas Material eta fabrikazio aurreratuetan; eta Andrea Casas Jasangarritasunean.

Lantaldeen zeregin nagusia bateriei buruzko I+G arloko funtsezko gaiak identifikatzea, lehenestea eta idaztea izango da, eta horien bidez bateriaren balio-kateko segmentu guztiak barne hartuko dira. Era berean, lehentasunak modu eraginkorrean identifikatzeko aukera emango dute, partzuergoaren dokumentu estrategikoak eguneratzeari dagokionez, batez ere.

Montse Casas-Cabanas kide den Lantaldeak material aurreratuak izango ditu ardatz (katodoa, anodoa, bereizgailua material elektrolitikoetaraino), eta, besteak beste, kimika berriak eta bateria-gelaxka errentagarriagoak, errendimendu hobeagokoak, seguruagoak eta jasangarriagoak garatzeko ekimenak aztertu eta proposatuko ditu. Roberto Paciosen kasuan, taldearen lana beste taldeetan landu gabeko segurtasun-alderdietan oinarrituko da, segurtasunaren ebaluazioa eta segurtasunaren egoera ebaluatzeko metodologiak, besteak beste. Azkenik, Andrea Casasek jasangarritasunari buruzko aholkuak emango dizkio taldeari, zeharka, balio-kate osoan zehar.

CIC energiGUNEri buruz

CIC energiGUNE, energian (baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoan) espezializatutako ikerketa zentroa da. CIC energiGUNE Europako erreferentziazko ikerketa gunea da energia biltegiratzearen arloan, eta espezializazio arlo horretako Europako 3 zentroen artean dago.. Arlo horretan Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren arlo horretako ekimen estrategikoa den zentroak Arabako Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntza ere du, eta energiaren eta biltegiratzearen sektoreko Euskadiko enpresa nagusiak ditu bere patronatuan: Iberdrola, Cegasa Portable Energy, Sener, Siemens-Gamesa, Ormazabal, idom, Solarpack, mondragon KORPORAZIOA eta nortegas. CIC energiGUNEk, 2020ko Stanford rankingaren arabera munduko ikerlari eragingarrienen artean dauden 5 ikerlari ditu. 800 argitalpen zientifikotik gora ditu eta urtean 40 industria proiektu baino gehiagotan hartzen du parte.