BILBO. Saturno, Lur planetaren halako hamar den planetaren hidrogenozko atmosfera zabalean fenomeno meteorologiko askotarikoak gertatzen dira, aukera ematen digutenak Lur planetaren atmosferan gertatzen diren antzeko fenomenoak hobeto ulertzeko. Fenomeno horietatik azpimarragarriena «hexagonoa» deitua da; egitura uhindun harrigarria da, ipar poloan kokatua, eta geometrialari batek marraztua dirudiena.

1980an aurkitu zuten NASAren Voyager 1 eta 2 zundek, eta ordutik hona etengabe behatu izan da, planetaren urtaro ziklo bizi eta luzea gorabehera.?Planeta uhin erraldoi horren barnean zurrusta korronte estu eta azkar bat ibiltzen da, 400?km/h-ko abiadura ere izaten duten haizeekin. Alabaina, eta bitxia bada ere, uhina apenas mugitzen da; alegia, ez da lekuz aldatzen planetaren errotazioarekiko. Propietate horiek guztiak kontuan hartuta, «hexagonoa» fenomeno biziki interesgarria da meteorologo eta planeten atmosferen ikertzaileentzat.?

Cassini zundak planeta orbitatu zuen 2004. eta 2017. urteen artean, eta irudi kopuru handia bildu zuen distantzia eta angelu askotatik. 2015eko ekainean, kamera nagusiak planetaren linboko irudiak hartu zituen bereizmen oso handiarekin, zehazki, 1-2?km-ko xehetasunarekin; uhin hexagonala zedarritzen duten hodeien gaineko lainoak ageri ziren.?Gainera, kolore iragazkiak erabili zituen, tartean, ultramorea eta hurbileko infragorria. Hala, laino horien konposizioa aztertu ahal izan zen.?Azterketa horren osagarri, Hubble espazio teleskopioaren irudiak ere erabili ziren, 15 egun geroago hartuak. Horietan, hexagonoa linbotik ikusita ageri ordez, goitik ikusita ageri da. «Cassiniren irudiei esker, jakin ahal izan da hexagonoak geruza anitzeko egitura duela, "sandwich" erakoa; hodeien gainaldetik 300?km goragora arte hedatzen diren zazpi lainoberaz osatuta dago», adierazi du azterketaren buru duen Agustín Sánchez?Lavega irakasleak.?«Beste mundu hotz batzuek ere, esaterako, Saturnoren Titan sateliteak edo Pluton planeta nanoak, lanbro geruzak dituzte, baina ez hainbeste, ezta hain modu erregularrean tartekatuta ere».???

Lanbro geruza bakoitzak 7 eta 18 kilometro arteko lodiera du (bertikalean neurtuta), eta analisi espektralaren arabera, partikula oso txikiz osatuta daude (0,1-1 mikra arteko erradiokoak). Konposizio kimikoa ez da batere lurtarra, izan ere, Saturnoko atmosferaren tenperatura baxuak direla eta (120 eta 180°C zero azpitik) lanbro horiek hidrokarburozko izotz kristal txikiaz osatuta egon litezke, esaterako, azetilenoz, propinoz, propanoz, diazetilenoz, eta are butanoz ere lanbrorik garaienetan.?

Taldeak, halaber, lanbroen banaketa bertikalaren erregulartasuna aztertu du. Bere hipotesiaren arabera, grabitate uhinen hedapen bertikalak antolatzen ditu lanbrook; horrek oszilazioak eragiten ditu atmosferaren dentsitatean eta tenperaturan, Lur planetan eta beste planeta batzuetan ezagun den eran.?Ikertzaileek diotenez, hexagonoaren beraren dinamika eta zurrusta korronte indartsua leudeke grabitate uhin horien oinarrian. Lur planetan ere behatu dira erdialdeko latitudeetan 100?km/h-ko abiaduran sartaldetik sortaldera mugitzen den zurrusta korronte uhindunak sortutako antzeko uhinak. Fenomeno antzekoa izan liteke planeta batean eta bestean jazotakoa, baina, Saturnoren berezitasunak direla kausa, hizpide dugunak ez du parekorik eguzki sisteman.?Etorkizuneko ikerketetan aztertu beharko da alderdi hori.??