BILBO. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Xabier Arrieta Eusko Jaurlaritzako Informatika eta Telekomunikazio zuzendariak Itzuli itzultzaile neuronalaren mugikorretarako aplikazioa (Android eta iOS) aurkeztu zuten atzo, Eusko Jaurlaritzak iragan urriaren 16an aurkeztutako itzultzailearen azken garapena. App berriak erabilera erraztuko die itzultzaile neuronala telefonoaren bidez erabili nahi dutenei eta, horrez gain, itzulpenak ahotsetik abiatuta egiteko aukera eskainiko du. Donostian egindako aurkezpenean, halaber, oso balorazio positiboa egin dute Itzuli-ren lehenengo bi hilabeteen inguruan: egunero 50.000 itzulpen eskaera baino gehiago bideratzen ditu eta azken hilabetean miloi bat itzulpen egin ditu.

Tabakaleran egin zen prentsaurrekoan Bingen Zupiria sailburuak adierazi zuenez, aplikazio berriaren helburua da "bi hizkuntzak beren eguneroko bizitzan erabiltzen dituztenei tresna berritzaile eta eraginkor bat eskaintzea". "Itzuli-ren web bertsioaren datuek erakutsi digute bi hizkuntzetan bizi diren milaka lagunentzat baliagarritasun handiko tresna dela. Hala ere, badakigu mugikorrak ordenagailua gainditu duela Interneten sartzeko gailu nagusi gisa, eta hori are nabarmenagoa da belaunaldi gazteenen artean. Horregatik, uste genuen zerbitzua app baten bidez ere eskaini behar zela. Itzultzailearen aurkezpenean adierazi genuen bezala, uste dugu positiboa izan daitekeela hainbat arlotan euskara gehiago erabil dadin, baita euskara dakitenek baina menperatzen ez dutenek edo ikasten ari direnek gehiago erabil dezaten ere ", adierazi zuen.

APP-AREN ERABILERA

Itzuli-ren aplikazioa eskuragarri dago Android edo iOS sistema eragileak (Apple Inc multinazionalaren sistema eragile mugikorra) erabiltzen dituzten mugikorrentzat. Itzuli-ren web bertsioan bezala, aplikazio honek euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara testuak itzultzeko aukera ematen du. Erabilera bakoitzean gehienez 4.000 karaktereko testuak itzul daitezke, baina nahi adina erabilera egin daitezke. Testuak testu-koadroaren bidez (tekleatuz edo aldez aurretik kopiatutako testuak itsatsiz) edo audioaren bidez sar daitezke. Bi kasuetan, itzulpenak segundo gutxitan jasotzen dira horretarako prestatutako testu-koadroetan. Ahotsaren bidez sartutako testuen kasuan, hala ere, aplikazioak hobetzeko tartea handia du oraindik.

"Androiden kasuan, ahotsaren bidez sartutako testuek emaitza bikaina eskaintzen dute bi hizkuntzetan. Hala ere, iOSen kasuan, idatzizko itzulpenak ere oso onak diren arren, ahots bidezko itzulpenetan, iOS sistema eragilearen menpe gaude, euskara bere hizkuntzen artean aintzat hartzen ez duelako oraindik", adierazi du Xabier Arrietak.

ITZULIREN DATUAK

Bestalde, prentsaurrekoak balio izan zuen Itzuli-ren lehen bi hilabeteetako erabilera datuak ezagutzeko. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak elkarlanean bultzatutako itzultzaile neuronalak 50.000 itzulpen baino gehiago egiten ditu egunean (astegunetan), eta azken hilabetean milioi bat testu itzuli ditu (era guztietakoak: luzeak, oso laburrak).

Xabier Arrietak azaldu zuenez, Itzuliren erabilera datuak oso altuak dira bi norabideetan; hala ere, gaztelania-euskara itzulpenak ohikoagoak dira euskaratik gaztelaniara egiten direnak baino, bi aldiz gehiago gutxi gorabehera. "Gaztelaniatik euskarara itzultzeko gehiago erabiltzen den arren, euskara-gaztelania itzulpenetan kalitatea hobea da. Oso denbora gutxi darama funtzionamenduan, baina ikusten dugu erabilera asko zabaldu dela eta hainbat arlotara iristen dela, hala nola hezkuntzara edo administrazioaren esparrura (udalak, aldundiak €). Itzuli-ren erabilera egunez egun hazten ari da", adierazi du.

Halaber, Arrietak azaldu zuenez, erabilera ez da euskararen lurralde naturalera mugatzen, Estatu osoan erabilera zabala dagoela ikusi da, eta Argentinatik eta baita Bulgariatik ere bisitak izan dira. Guztira, 9.000 erabiltzailek erabiltzen dute Itzuli egunean; hilean, 50.000 eta 100.000 erabiltzaile bitartean jasotzen ditu.

ITZULTZAILE NEURONALA

Itzultzaile neuronala Eusko Jaurlaritzak Inteligentzia Artifizialetik abiatuta herritarren erabilerara bideratu duen lehen proiektu praktikoa da. Zerbitzu horrek "kalitate handiko" itzulpenak egiteko aukera ematen du, bai gaztelaniatik euskarara, bai euskaratik gaztelaniara, eta herritar guztien eskura dago www.euskadi.eus/itzuli webgunean.

Itzuli itzultzaile neuronala hainbat urtetako lanaren emaitza izan da, eta IVAPek, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, 20 urtez bildutako itzulpen-memoriak erabiliz inplementatu da. Itzulpengintzaren arloan pilatutako esperientzia izugarriari esker, bereziki euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara itzulpengintzan, terminologia- eta hizkuntza-oinarria bakarrik alderatu daiteke "munduan gehien hitz egiten diren hizkuntzekin". Era berean, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) 20 urte daramatza itzulpen-memoriak sortzen, eta, horri esker, 10 milioi segmentu baino gehiagoko datu-baseak ditu, itzulita, berrikusita eta eguneratuta. Ezagutza horri esker, hain zuzen, Itzuli-ren kalitate-maila handia lortu da.

Nolanahi ere, Zupiria sailburuak gogorarazi zuenez, tresna horren helburua "laguntzea" da, eta ez itzultzaileen lana ordezkatzea: "Behin eta berriz esan behar dugu makina batek egindako itzulpena beti gainbegiratu eta zuzendu behar dela, akatsak egin ditzakeelako eta egin ohi dituelako. Laguntzeko tresna bat da, eta horrela erabili behar dugu. Helburua ez da, inolaz ere, itzultzaileak eta beren kualifikazio handiko lana ordezkatzea, baizik eta bi hizkuntzak beren egunerokoan, lan munduan, arlo akademikoan eta abarretan erabiltzen dituztenei tresna berritzailea eta eraginkorra eskaintzea". Zupiriak, gainera, adierazi du funtsezkoa dela "euskara Informazio eta Komunikazio Teknologietan txertatzea", baita Ingurune Digitalean ere, "euskara indartzeko eremu estrategikoak baitira eta 2020an eguneratu behar den Agenda Digitalean oso presente egongo dira".

ITZULPEN NEURONALA

Sare neuronalen bidezko itzulpena azken hiru urtean hasi da erabiltzen modu produktiboan, eta jauzi kualitatibo handia dakar orain arte erabilitako sistemekin alderatuta (analisi eta transferentzia gramatikaletan, sistema estatistikoetan edo hibridoetan oinarritutakoak). Itzultzaile neuronalek giza garunaren funtzionamendua imitatzen dute, eta, beraz, entrenamendua behar dute ikasteko. Sare neuronalen bidez lortutako itzulpenak erraz irakurtzen dira, koherentzia dutelako eta esaldiaren barruko elementuen arteko lotura hobeto mantentzen dutelako orain arte erabilitako itzulpen automatikoek baino.

Itzultzaile neuronalak etengabe ari dira ikasten, baina horretarako corpus elebidun handiak behar dituzte, hau da, itzulpen memoriak, kalitatezkoak. Horregatik, proiektu hau aurrera ateratzeko, Eusko Jaurlaritzako hainbat sailek lagundu dute. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea elkarlanean aritu dira ekimen hori bultzatzeko, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearekin eta komunikazioaren eta hizkuntzaren arloan lan egiten duten beste erakunde batzuekin batera, hala nola, EiTBrekin.