BILBO. Informazio eza ugari dago etorkizuneko dirua izango diren kriptotxanponen inguruan. Hala ere, Eneko Asorkizak, Blockchain Euskadi elkarteko ordezkariak, internetekin konparatu ditu kriptotxanponak, esanez hasieran ezezaguna zela eta gaur egun ezinbestekoa bihurtu dela gehiengoaren eguneroko bizitzan.

Kriptotxanponen gorakadaren seinale da eskudiruak bizi duen gainbehera; eta adierazgarriak dira, halaber, hainbat herrialdetako banku zentralek hartzen ari diren erabakiak: euren txanpon digitalak sortzeko bideak aztertzen ari dira. Gerta liteke epe laburrera estatuek beraiek babestea kriptotxanpon nazionalak, baina egungo testuinguruan zaila da, oso, iragarpenak egitea. Adituek diote, baina, aldaketa sakona gertatuko dela transakzio ekonomikoak egiteko moduan.

Araba Encounterren eskainitako hitzaldi batean, kriptotxanponen abantailak azpimarratu ditu Astorkizak. Esate baterako, ez daude ekonomiaren edota herrialdeetako politiken menpe, eta zerga baxuak ordaintzen dituzte. Horrez gain, erabilerrazak eta erabat seguruak dira, eta dagoeneko produktu zein zerbitzuak ordaintzeko erabil daitezke, nahi izanez gero zuzenean eurotara bihurtu baitaitezke.

Hala ere, arriskuez ere ohartarazi nahi izan du, eta erabakirik hartu aurretik ahal bezain ondoen informatzeko eta konfiantzazko aholkulari bat bilatzeko gomendatu du. Zehazki, pertsona fidakorrez aprobetxatuz sistema piramidalak indartzen dituzten ustezko adituak ugaritzen ari dela jakinarazi du. Edozein zalantza izanez gero, aditu fidagarriengana jotzeko aholkatu du, eta interesa duenari laguntzeko prest agertu da Blockchain Euskadi elkarteko ordezkari gisa.

Bestalde, ohartarazi du kriptotxanponek aldaketak jasaten dituztela aldizka, eta, ondorioz, inbertitutako dirua azkar galdu eta denbora pasatu daitekeela dirua berreskuratu edo merkatuaren egoera hobetu arte. Hori dela eta, arrazoizko diru kantitatea inbertitzea da Astorkizaren aholkua. Aldi berean, diru kopuru horrek izango dituen gorabeheren aurrean pazientzia edukitzea gomendatzen du. Jarraibide hauekin “dirua irabazi daiteke, edo ez”, gaineratu du.

Kriptotxanponek euskarri digitala dute soilk, eta horrek arazoak sor ditzake. Hortaz, segurtasun kopiak egitea garrantzitsua da, diru guztia galtzeko arriskua egon daiteke eta. Ordainketa modu erraza eskaintzen duen teknologia berri honen erabileran trebatzera animatu nahi du jendea Astorkizak; izan ere, txanpon birtualek erabiltzailearen pribatutasuna eta salerosketa guztien segurtasuna bermatzen dute.

Hitzaldia Araba Encounterren bigarren jardunaldiaren baitan gauzatu da, Gasteizko Lakua Gizarte Etxean. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien testuinguruan, pertsonen, enpresen eta egitasmoen arteko konexioa bultzatzeko xedez antolatu du topaketa hau Euskaltel Konekta Fundazioak. Arabako bilkuraz gain, Gipuzkoa Encounter eta Euskal Encounter antolatzen ditu Euskadin, eta Technium R Encounter (Ourense) eta XGN R Encounter (Pontevedra) Galizian. Urtean zehar mundu digitalaren zaleen eta profesionalen artean ezagutzak, ideiak eta balioak partekatzea da Encounter sareko ekimenen helburua.