Pasadan ostiralean, abuztuak 5, goizeko hamaikak aldera, Alonsotegiko etxe batek sua hartu zuen. Dirudienez etxea alokatuta zegoen, baina alokairu-kontratua amaituta zegoen eta pertsona batzuek ez zuten etxea utzi nahi.

Lekura agertu ziren patruilek ikusi zuten etxean zeuden gizonezkoek hainbat objektu txikitu zituztela, eta batek, gainera, gauza batzuk bota zituela leihotik, horien artean butano-botila bat. Gazteak irainak jaurti zituen ertzainen eta etxearen jabearen aurka, eta etxeari su emango ziola mehatxu ere egin zuen.

Azkenean, etxean zeuden pertsonek eraikinetik irtetea onartu zuten, eta, alde egitera zihoazenean, etxeari su emateko mehatxua egin zuen mutilak agenteetako baten aurka jo zuen, eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua leporatuta atxilotu zuten, beraz.  Arrastatuak, 21 urtekoak, polizia-aurrekariak ditu, eta arratsaldeko lehenengo orduan aske utzi zuten zegozkion eginbideak bete ondoren.

Arratsaldean bertan, bostak hamar gutxi aldera, abisu bat jaso zen goizean istilua izandako etxea sutan zegoela esanez. Lekura Ertzaintza eta Bizkaiko suhiltzaileak hurbildu ziren, eta, zauriturik izan ez zen arren, etxeak kalte handiak jasan zituela ikusi zuten.

Jasotako informazioaren arabera, etxeari su eman zion pertsona ordu batzuk lehenago atxilotu zuten gaztea zen. Agenteak bere bila hasi ziren, eta gaueko lehenengo orduan aurkitu eta atxilotu zuten Alonsotegin.

Gaztea gaur goizean jarri dute agintari judizialaren eskuetan.