Euskal taekwondoa abiada bizian doa goraka. Euskadi kirol horren potentzia nagusietakoa bihurtu da eta urtez urte hobetuz doa. Estatu mailako txapelketetan emaitza onak lortzen dira, parte-hartzaileak harro etortzen dira, dominak lepoan. Bizkaiko klubak oso ondo ari dira eta ikastetxe batzuetan taekwondoa eskolaz kanpoko jarduera gisa eskaintzeak oinarriak sendotzen laguntzen du. Teknikari zein borrokari dagokienez, txikienek gaitasun handia erakusten dute, betiere ekialdeko filosofiari jarraituz. “Errespetua, umiltasuna eta adiskidetasuna dira taekwondoaren oinarriak, beste balio ba-tzuen artean”, esan du Isabel Tejadok, Zorrotzako Ratxei klubeko entrenatzaileak.
Pasa den asteburuan benjamin, kimu eta haur kategorietako kirol jardunaldi bat egin zen Bizkaia frontoian eta Euskadiko freestyle eta erakusketa probekin bat egin zuen. Ekitaldia bi zatitan garatu zen: goizean haur kategoriako txapelketak egin ziren eta arratsaldez kimu eta benjamin kategoriak aritu ziren, pumse delakoekin. Borrokak beste egun batean egingo dira.
Hain zuzen ere, pumse horiek teknikaren parte dira, taekwondoaren modalitateetako bat. Defentsa eta eraso mugimenduak egiten dira, aurkaria imajinatuz. Ariketa fisiko espezifikoa da teknika horietan parte hartzen duten muskuluak lantzeko. Beraz, ariketa horiek burutzeko beharrezko baldintzak lantzen dira; koordinazioa, psikomotrizitatea, lateralitatea, malgutasuna eta potentzia, muskuluak, tendoiak eta ligamenduak indartuz. Hala ere, borrokak ez bezala, pumsek oso errepikakorrak izan daitezke. “Oso sakrifikatua da, denbora osoan gauza bera errepikatzen ari garelako. Pumse zehatz batzuk daude eta horiek buruz ikasi beharra dago. Txapelketetarako prestatzen ditugu eta gero zozketa bidez bat egiten da. Orokorrean, denak prestatzen dira berdin, baina batzuetan baten bat hankamotz geratzen da”, esan du Isabel Tejadok.
Ariketak epaitzeko unean, epaileek hainbat aspektu izaten dituzte kontuan, hala nola desplazamenduak, mugimenduak burutzea eta arnasa. “Besoa okerreko altueran jarrita, esaterako, puntuak gal di-tzakezu”, esan du Ratxeiko entrenatzaileak. Banaka, bikoteka edo hirunaka egin daitezke; azken kasu bi horietan, sinkronizazioa eta elkar ulertzea funtsezkoak dira. Ikusgarria da nola koordinatzen diren hiru partaideren artean, ariketa ondo irteteko, jauzi eta posizioak uztartuz.
Pumse horiek karateko katen an-tzekoak dira; kasu bietan egin behar dira eraso eta defentsak aurkaria imajinatuz, eta, gainera, modalitate bietan egiten da oihu, mugimenduei enfasia emateko. “Adrenalina askatzeko modu bat da”, esan du Isabelek.
Erakusketa eta freestyle probetan, aldiz, itzelezko piruetak ikusi ahal izan genituen. Bertaratutako ikusleak zur eta lur geratu ziren.
Ikasturtean zehar egiten diren eskola jarduerez gain, Bizkaiko federazioak ikastaro, teknifikazio eta entrenamenduekin osatzen ditu. “Teknika eta pumse jardunaldiak antolatzen dira, baina, horretaz gain, beste aspektu batzuk lantzeko teknifikazioak ere baditugu. Entrenatzaileentzako ere antola-tzen dira jarduerak; esaterako, nazioarteko federazioek erabaki-tzen badute pum bat aldatu behar dela, informatuta egon behar dugu, horregatik, ikastaroak egiten ditugu, gero gure federazioan horren berri zabaltzeko”, esan digu.
Bestalde, Ratxeiko entrenatzailea oso pozik dago Federazioa eta Aldundia egiten ari diren elkarlanarekin. “Eskola taekwondoa oso osasuntsu dago. Uste dut erakundeak ondo ari direla txapelketak eta eskola jardunaldiak antolatzeko unean”, esan du Isabelek.
Parte-hartzeari dagokionez, Isabel Tejadok uste du mantentzen direla. Urte batzuetan beste batzuetan baino jende gehiagok ematen du izena, baina, orokorrean, haur askok praktikatzen du taekwondoa. Hasiera batean, diziplina honek kirol agresiboaren ospea eduki zuen, beste arte martzialen moduan. “Zorionez, gau egun, jendeak dagoeneko ez du horrela ikusten. Dakartzan onura fisiko eta psikologikoak ikusten dira”, esan du Isabel Tejadok, amaitzeko.
Martxoaren 3an estatu mailako txapelketa izango da Valladoliden eta bertan izango dira Bizkaiko parte-hartzaileak. Ziur Euskadik dominaren bat ekarriko duela.