AURTENGO uda honetan, 2019ko uztail honetan, betetzen dira 50 urte Derioko Udako Euskal Ikastaroa izenaz ezagutu izan dana sortu zala.

Apaltasun handiz sortu bazan be 1970eko uztailean, orduko Seminarioa zan egoitza zabal haretan, apurka-apurka hazten, indarra hartzen eta en-tzutea irabazten joan zan Derioko Ikastaroa, batez be euskaldunen artean, horreen artean bilbotar asko izan dirala.

Euskaldunen artean dinot, ze berbetaz euskaldun diranen ikaslekua izan da Derioko Ikastaroa bere ibilbide luzean: euskaldun osoak asko, eta erdizka euskaldun ziranak be bai. Ikasle gazte eta helduen ikastaroa. Momentuko lanbidean, edo etorkizunekoan, euskaraz baliatzeko gaitasuna behar eban jentearentzako, batez be.

Derioko Udako Ikastaroaren meritu handietariko bat, euskaldunentzako izatearen berezitasun hori izan da batez be: euskaldun izanik, edo txikitako euskara makalik eben ikasleei, euren euskara hori lantzeko, hobetzeko eta indartzeko baliabideak emotea; horretarako metodologia propio bat garatu izana. Berbaz egiten dogunetik idatziz erabili beharreko era landurako urratsak emoteko ikasbide bat lantzea: dakigunetik ez dakigunera lemaren bidez.

Bilboko Uriak Derioko Udako Ikastaroagaz euki dau eta badauka gaur be lokarri eta zerikusi estua, euskararen aldeko ekimen hori dala-ta. Arrazoi historiko zaharra bata: Ikastaroa sortu zan denporan, eta hurrengo hamahiru urteetan, Derio Bilbori loturik egon zan. Geroagoko loturea, bigarrena: Labayru Ikastegia sortu zanean 1977an -gaurko Labayru Fundazioaren lehengo izena? Bilbon jarri eban egoitza, eta Derioko Udako Ikastaroa haren babespean egin zan. Eta hirugarrena, gaur egungoa: Bilbon egiten da aspaldiko urte luzeetan Udako Euskal Ikastaroa.

Alkate lez gogora ekarri nahi ditut 50. urteurren honetan hasierako eratzaile, irakasle eta ikasleak. Ander Manterola izan zan sortzaile eta eragile nagusia, eta Karmelo Etxenagusia eta Mikel Zarate lehenengo irakasleak. Bizkai osotik etorri izan dira hara ikasle euskaldunak, euren artean bilbotar asko zirala.

Euskarak ofizialtasuna irabazi eban momentutik goraldi aipagarria ezagutu eban Derioko Udako Ikastaroak; 80ko hamarkadan udaro 600-800 ikasle bitartean batzen zirala. Gizarte fenomeno esanguratsua bihurtu zan aldi horretan euskal ikaskuntzaren inguruan.

Han egin zituen euskara-lantze hasikinak, gerora gure gizartean eta administrazioan kargu eta ardura astunetan izan diran hainbat gizon eta emakumek.

Zor deutsagu, bada, Derioko Euskal Ikastaroari aitormena eta esker ona gaur erakunde arduretan gagozanok. Euskarak gure gaurko gizartean irabazi dauen normaltasuna eta onarpena, aurreko hamarkadetan egin dan lan isil eta etenbakoaren emaitza dira, eta Derioko Udako Euskal Ikastaroa izan da horretan eragile agirietariko bat.

Bilboko Alkate lez, lehena gogoan izanik etorkizunari begira lanean ekitea da gure ardura nagusia. Eta Labayru Fundazioak bere euskal ikastaroen bidez, udako eta negukoen bidez, diharduan lanari geure aupada eta babesa eskaini gura deutset.

Orain 50 urte, orduko gizartean ziran preminei erantzuteko Derioko Ikastaroak erakutsi eban adore eta zuhurtasun beraz, gaurko Labayru Fundazioak be beste hainbeste egin daiala, batez be gure belaunaldi gazteak, bilbotar gazteak, euskaldun oso bihurtzeko ahaleginean. Eginkizun horretan Bilboko Udala izango dozue bidelagun.