Gu, doktrinamendu eta mitologia zaleok
Doktrinamenduaren kritiken aurrean, egileak dio Celaáren neurriak hezkuntza sisteman ez dutela bultzatzen euskara elementu integratzaile bezala. Ingelesa eta ordenagailuak geletara eramatea aurreko gobernuen aurreikuspenetan zeudela gogoratzen du
JOAN den uda partean Euskal Herritik kanpo egin ditut egun batzuk. Betiko Euskal Herritik, esan nahi dut. Izan ere, Lopez jaunaren gobernu berria Ajuria Enera iritsi denetik, Euskal Herri "kulturala" esaten hasi baitira batzuk. Eta, bestela, itxaron eta ikusiko dugu nola hasiko diren Euskal Herri "kulturala" gora eta Euskal Herri "kulturala" behera.
Baina gatozen harira. Uda partean Euskal Herritik kanpo ibili naiz, Espainian hain zuzen ere. Eta bizitzako gauzak nola diren! Salamancako Unibertsitateko irakasle bat ezagutu nuen kasualitatez. Hizketan hasi ginenean ez genuen elkar ezagutzen. Nik ez nekien bera nondarra zen, ezta ze ogibide zuen ere. Berak ez zekien niri buruzko ezer. Hala ere, bentaja zuen berak, gaztelaniaz hitz egiten genuelako eta nire doinua oso nabarmena egin zitzaiolako berehala. Euskalduna nintzela esan zidan hasi eta segituan eta baietz erantzun nik. Solasaldia aurrera zihoan ahala, horrelaxe bota zidan: "La escuela del País Vasco enseña a pensar, eso lo he comprobado yo en mi experiencia docente a lo largo de muchos años. En España se enseña a memorizar". Ni harri eta zur geratu nintzen, ez esan zidanagatik, bai bainekien euskal eskolak pentsatzen irakasten duena. Harritu ninduena, Espainiako pertsona batek esatea izan zen, eta ez edonork, Unibertsitateko irakasle batek baizik, 60 urte inguruko irakasle batek.
Anekdota horrekin gogoratu naiz egunotan, hainbeste zalaparta sortu duten Hezkuntza Sailburuaren hitzak entzun eta irakurri eta gero. Astelehenean bertan irakurri ahal izan genuen: "pentsamendu aske eta kritikoa sustatu behar dugu?". Horrek zer esan nahi du? Bera etorri arte ez zela pentsatzen irakasten? Orain arte gure hezkuntza profesionalek ez dutela espiritu kritikoa bultzatu gure haurrengan, akaso? Eskerrak, bada, PSOE eta Celaá sailburua etorri diren! Hemendik aurrera pentsatzen irakatsiko dute euskal eskoletako irakasleek.
Baina pentsamendu aske eta kritikoaz gain, lehendakari iritsi berriaren gobernuari esker, eskola "zientifiko eta zorrotza" izango da hemendik aurrerakoa. Hain zientifikoa izango da, non Euskal Herria ez denez legalki existitzen, ez da ikas liburuetan onartuko. Hortaz, Espainiako editorialetako ikas liburuekin ikasiko dute gure haur/gazteek. Itxuraz, orain arte, "doktrina abertzalea" ikasten zuten eta hemendik aurrera ez da doktrinarik izango. Gure aiton amonek burua altxatuko balute, elizako doktrina gogoratuko lukete. Edo, agian, beraiek jasandako eskolarekin gogoratuko lirateke. Baina ez dago hain atzera joan beharrik ere. Ni, neroni, nazionaletan ikasitakoa naiz. Hau da, Franco garaiko eskolan. Eta badakit zer den "doktrina" jakin batean ikastea. "El catalán, asturiano, gallego y el vascuence son dialectos del español?". Eta lelo horrekin garunak garbitzen ahaleginak eta bi egiten zuten orduko maisu maistrek. Ez zuten onartzen Euskal Herria zegoenik. Espainiako irakasle erdaldunak izan nituen bai, nire izena onartzen ez zutenak. Erdarazko izenarekin deitzen zidaten zenbaitzuek, bataiora joan eta gaztelerazko izena jarri baitzidaten, parrokoak debekatu egiten zuelako nire izena. Zertaz ari da Celaá anderea? Arren, gure aiton amonek jasandakoa, hori bai hori doktrinamendua.
Baina sailburu andreak eskolarako bide berria iragarri digu, gure gizartearen aniztasunean oinarritutakoa. Aniztasuna ez du, nonbait, aurreko gobernuak errespetatu. Eta zer da sailburuari aurreko gobernutik gustatu ez zaiona?
1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legeak jarritako helburuen artean, ikasleek eskola-prozesua amaitutakoan bi hizkuntza ofizialak ikasita ateratzea zen. Eta hainbeste urte igaro eta gero argi ikusi da ez dela helburu hori lortzen. Legebiltzarrak 2005ean Hezkuntza Sailari proiektu berria egitea agindu zion. Proiektua egin zen, baina ez zen gauzatu eta dekretu batzuk onartu zituen garai hartako gobernuak. Dekretu horietan ikastetxeei autonomia pedagogikoa eta antolamendurako autonomia uzten zitzaien eta euskara ezartzen zuen marko berriaren hizkuntza nagusi bezala, besteak beste. Eta hemen dago gai honen koxka. Baina horretarako esplikazio argia ematen zuen (hitzez hitz): "Egungo errealitate soziolinguistikoak gaztelaniaren erabilera bultzatzen duela ain-tzat hartuta eta ikusita eguneroko jardunak eta ebaluazioek frogatua dutela irakasteko eta ikasteko prozesuan euskara erabiltzea funtsezkoa dela, ikasleek euskara ahoz eta idatziz behar bezala erabiltzeko gaitasuna eskuratuko badute, euskarak elementu integratzailea izan behar du hezkuntza-sisteman, eta erabilera nagusiko hizkuntza, lehen adierazitako irakasteko eta ikasteko prozesuan. Gaztelania edukiak ikasteko hizkuntza izango da, hura behar bezala ikasiko dela bermatzeko". Hau da, Euskal Herriko haur guztiek ikasten dutela gaztelania inolako arazorik gabe; beraz, euskararekin tratu berezia eduki behar zutela ikastetxeetan, gure haurrek, euskara, euskara ere, dekretuen aurretik doan legeak berak agindu bezala ikas dezaten. Hala ere, argi eta garbi azaltzen da dekretuan, haurrek bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko hizkuntza batean hitz egiten ikasi behar zutela.
Sailburu andrea esaten ari da orain bi hizkuntzak parekatu egin direla behingoz. Berdintasunaren izenean aho bete adierazpen egin ditu sailburuak azkenaldion. Baina Hizkuntza gutxituen Europako Itunak argi eta garbi esaten du, ahuldutako egoera duten hizkuntza gutxituen kasuan, Estatuek neurri bereziak hartu beharko dituztela horiek babestu eta suspertzeko, eta hori ez dela diskriminazio-ekintza bezala hartu behar hizkuntza garatuena egiten dutenen aldetik. Itun hori 2001ean sinatu zuen Espainiako Estatuak. Gainera, eleaniztasuna ere arau-tzen zuten dekretuek eta ikastetxe bakoitzak askatasuna zuen hizkuntza bakoitzaren erabilera-esparrua handitzeko. Beraz, nahiz eta Celaák esandakoak entzunez gero ematen duen ingelesaren kontu hori orain deskubritu dela, bazegoen kezka hori aurretik eta lan egin izan dute euskal eskolek esparru hori. Hori eta ordenagailu berriak dira, ordea, modernotasuna ematen diotenak Celaáren eskolari. Aurreko gobernukoak tradizionalak ziren, beraiek dira modernoak. Gu mitologietan oinarritzen gara, existitzen ez den errealitate batean oinarritzen gara, existitzen ez den Herri batean. Beraien Espainia betidanik existitzen baita, Ama Lurra sortu zenetik! Gu arkaikoak gara. Ez dakigu garai berrietara egokitzen, horregatik iraun dugu herri bezala nahiz eta ehunka herri inbaditzaile izan dugun bisitan. Egokitzen jakingo ez bagenu, nola bizi iraun? Espainian urtu nahi gaituzte hegoaldekook, eta Fran-tzian iparraldekoak. Euskal Herririk existitzen ez bada, ez dago arazorik, ez dago gatazkarik. Euskal azentudun baskoak izango gara, harri jasotzen, pilotan, eta apustuetan denbora pasatzen dugunak.
Baina Herri honek badaki zein den eta zer egin behar duen. Ez dago inork ezer esan beharraren zain. Badira gurasoak, irakasleak, ikasleak, herritarrak, orain arte nondik nora joan behar dugun esan dutenak, esaten ari direnak eta esango dutenak. Eta horiengan dago etorkizuna. Bakoitzak bere esparruan ahalegin berezia egin beza! Herria maitatzeko era asko dago. Irakasten eta ikasten, arrantzetan, nahiz pentsatzen. Lur lanetan, nahiz pintatzen, fabriketan, nahiz kantatzen, pentsatzaileak loa galtzen. Herria dugu maitatzen.