Hizkuntza baten erabilera ez du, ordea, hezkuntza sistemak (bakarrik) bermatuko, ez eta eskubide ororen aitortzak ere. Hizkuntza bat erabiliko badugu, erakargarria, erraza eta erosoa delako izango da, hizkuntza horrekin ondo pasatzen dugulako, nonahi erabili dezakegulako, gure behar guztiak asetzen dituelako edota edonorekin harremanetan jartzeko balio digulako. Komunitate ireki eta eskuzabal baten parte garela sentitu nahi dugulako. Hurrengo erronka, bada, ezagutza bultzatzen jarraitzeaz gain, euskara aniztasunaren eta elkarbizitzarako elementu bateratzaile gisa ulertzea izango da. Batzen, errespetatzen eta integratzen gaituen elementu gisa defendatzea. Handitzen gaituen arrazoi bilakatzea. Herri honetan bizi garenon amankomuneko nortasunaren elementuetako bat bezala definitzea. Horretarako, ordea, euskal herritar guztiongan halako konpromiso bat sortu eta landu beharko dugu, erdal hiztunak gure eguneroko herrigintza eremuetara erakartzeko eta berauetan kateatu daitezen. Sistema bat sortu beharko dugu, zeinaren bidez, euskaraz bizi ez diren herritarrak (bertokoak zein etorkinak) integratuko ditugun euskaraz bizi(ko) garen herrira. Norbanako bakoitzak hartu beharreko konpromiso horrek, alabaina, herri itun indartsu bat beharko luke babes.