OGEITA bat persona hil ditu hemezortzi urte egin berri dituen gazteak. Banan banan hil ditu, aldez aurretik amamari tiro egin eta eskolara zeramatzan asmoak iragarriz.

Aspaldikoa da Estatu Batuetako gizartearen erraietan txertatutako dotrina: gaiztoa datorkidanean min ematera, neure eskubidea da aurre egitea eta, neure askatasuna babesteko beharrezkoa bada, gaizto hori akatzea.

Nazio horretako Konstituzioari 1789an egindako enmendakin batean dauka jatorria, 2 urte beranduago onartu zen bigarrenean hain zuzen, zeinak aitortzen dien estatubatuarrei armak euki eta erabiltzeko eskubidea. Botere Judizial Federal Nagusiak behin eta berriro berretsi izan du eskubide hori, inoiz adierazi izan badu ere ez dela mugagabea.

XX. mendearen azken hamarkadan hasi ginen ezagutzen gai honekiko lehen azterketa serioak. Ordutik ona defentsa pertsonala egiteko eskubide modu hori zalantzan jartzen doa -apurka bada ere-, nahiz eta aipatu Auzitegi Gorenak aldarrikatzen jarraitzen duen armak erabiltzeko eskubidea.

Edozein estatubatuarrek 18 urte bete ostean nahi adina arma konbentzional erosi dezake, dela aurrekari penalak izan, dela buruko gaitzen bat jasan, inolako baldintzarik ez baitago, adinaz aparte.

Biden presidenteak emandako datuen arabera, amerikar heldu bakoitzeko 1,2 arma daude zirkulazioan, azken 10 urtean 900 ikastetxe izan dira oldartuak eta soilik 2021ean 20.736 arma bidezko heriotza gertatu dira.

Iturri sinesgarriek diotenez, arma-enpresa lobby-en boterea eta politikagintzan duten eragina dira erantzule nagusiak, bai errepublikarren hauteskunde kanpainetarako zein alderdi horretako hainbat politikarien igoera oparoa elikatu baitituzte.

Honaino helduta, gizartearena da ordua, bakoitzak bere ahots eta botuarekin egin dezaken bultzaz gertakizun odoltsuok geratu daitezen. Norbere iritzi kontzienteak duen indarraz jabetzea da kontua. Eta barneratzea gaiztoak hurbildu nahi zaizkigunean erakunde demokratikoengan dugula defentsa, eurek eskaintzen digutela segurtasuna. l