ARYK esaten zuen bera ez zela matxista. Nola izango zen bada matxista berarentzat emakumea "munduko gauzarik politena" baldin bazen? Gizon askok izaten dituzte antzeko erreakzioak jarrera matxistaren bat izan duela aurpegiratzen dietenean. Ez direla matxistak esango dizute, asko baloratzen dituztela emakumeak, eta ziurrenez beren amei eta amonei buruz hitz egingo dizute, dena eman duten emakume sakrifikatu haiei buruz. Heroiak zirela aitortuko dizute, burdinazko emakumeak. Eta honako esaldiak ere botako dizkizute: "Guk erditu beharko bagenu gizateria amaituko litzateke"; edo "zuek gu baino gogorragoak zarete"; edo "gu astopotro batzuk gara, zuek bai azkarrak"...

Baina, nire amonak zioen bezala, hitzak oso merkeak dira, ekintzak dira balio dutenak. Ze askotan gertatzen da aurreko esaldi horiek guztiak esan dituen gizon berak pentsatzea, adibidez, emakumeen bizikleta-itzulia antolatzea moda bat besterik ez dela; edo emakume batzuei postu batzuk oparitzen dizkietela emakume izateagatik bakarrik; edo lehen munduko emakumeak esajeratu batzuk garela, munduko beste herrialde batzuetan emakumeek dituzten eskubideei begiratu beharko geniekela; edo gure hitzek gizonenak baino pisu gutxiago duela; edo ez dakigula guk hilekoak batzuetan ematen duen mina eta prest azaltzen dira guri hori ere esplikatzeko.

Jakina, gizon askok ez dute horrela pentsatzen, baina horretarako beren balioak landu behar izan dituzte eta umetatik gizon eta emakumeen rolei buruz ikasi duten guztia desikasi behar izan dute. Balioak ez dira aldatzen esaldi batekin edo laudorio batekin, lana eta borondatea behar dira, eta, batez ere, ekintzak.

Gazteen arteko matxismoaz hainbeste hitz egiten den garai honetan, nabarmendu nahi dut hainbat mutil gazte ezagutu ditudala beraien kide, lagun, bikote diren neskekin berdintasunezko harremanak dituztenak, aurreko belaunaldietako emakumeek sekula izan ez dituztenak. Horregatik heldu nahi diot itxaropen horri, nire alaba eta hurrengo belaunaldietako emakume guztiak "munduko gauzarik politena" baino zerbait gehiago izatea nahi dudalako. l