RRAZ itzaltzen dira berriak komunikabideetan beti baitaude beste batzuk aurrekoak ordezkatzeko prest. Aberri Eguna ospatu genuenetik 5 egun soilik igaro eta desagertu da. Gizartea zilegitasun osoz ordezka-tzen duten alderdi politiko eta erakundeak ere, herritarrok bezain anitzak izanda, Aberri Eguna ospatzeko edo isiltzeko era desberdinak dituzte. Badago lagunarte giroan gogoeta partekatzeko aukera baliatzen duenik, dagoen bezalaxe utopia oratzen ari dela sinistarazten ibili denik. Bestalde, ez dira ahaztekoak kontraprogramatzeko une egokia aurkitu dutenak edo aberria aldatu izanagatik pazko igandeko ospakizun hau antzua ikusten duenik.

Euskal Herriak baduela memoria nazionala uste dugunok giza eskubideak, duintasuna, euskal eredua, euskaldunen borondatea..... sarritan aipa-tzen ditugu. Beste kontu bat da kontzeptu horiek kudeatzea aberria ez baita egun bakarrekoa ezta ere hitz hutsez elikatzen dena.

Alderantziz, datorren urteko apirila heldu bitartean egunero eman beharko ditugu urratsak duela 5 egun txalotu genituen kontzeptuak garatzeko. Utopia ederra da 10, 20 edo 100 urte barru izango dugun komunitatea edo eraikiko dugun aberria irudikatzeko. Ezinbestekoa da baina ez da nahikoa. Utopiak politikan eta gizartegintzan balioa hartzen du, gaur eta bihar egin beharrekoa asma-tzen laguntzen duen neurrian. Horrexegatik biurtzen du estrategikoa eguneroko konpromiso demokratikoa.

Konpromisoa da herri erakundeei erantzunkizuna eskatzea, bizi duguna eta aurreikusten dena gardentasunez azaldu eta partekatzea. Baina herritarron eskubide horrekin batera doa nork bere gain hartu behar duen erantzunkizuna barneratzea, konpromisoa den bezalaxe egoera larrietan solidaritzak eskatzen dizkigun neurri estutzaileak onartu ez ezik, babestea ere bai.

Garai zailetan sortzen dira errazkeriazko diskurtsoak eta proposamenak. Baita arazoen soluzio lauso bezain hutsalak dituztenak ere. Halere, Eguneroko Aberria beste kale batean dabil, denontzako lekua daukan kale nagusian.