URE literaturak mugak hausten ditu beti. Hala, autore batzuen obrarik irakurgarrienak makina bat hizkuntzatara itzuli dira, eta anitzetan salduenen artean kokatu dira, pole position delakoan.

Bada, egunotan gure literaturak ia marka guztiak apurtu ditu anekdota harrigarri baten bidez. Aita santua Maltatik (hantxe errefuxiatuentzat eraiki den harrera zentroa bisitatu ostean) Vatikanorako bidaian zihoan bueltan hegazkinean, eta ohi duen bezala, elkarrizketak eta abar luzatzen ditu barruan joaten den jendearekin konpartitzeko.

Bada, hitzaldi horietariko batean, Amets Arzallusek eta Ibrahima Baldek idatzitako Miñan liburuaren espainolezko bertsioa (Hermanito) bertan zeudenei irakurtzeko aholkatu zien sutsuki. Horrek zer esan nahi du? Espainolezko bertsioa irakurri duela Aita santuak? Amets Arzallusek hegats zorrotz eta zehatzarekin Ibrahima Baldek kontaturiko istorio lazgarriak eta hitz poetiko guztiak irakurri dituela Vatikanoko jabeak?

Gaia bizi ari garen egungo egoerarekin bat dator. Ukrainatik ihesean doazen pertsonak oro krisialdi humanitario batean murgildu dira. Baina egoera grotesko hori heldu baino lehen, euskarazko lanean agertzen diren gizaki askok ere sufrikario dramatikoa bizi zuten, tartean liburuko protagonistak, Ibrahima Baldek.

Euskarazko lanean Ametsek ahotsa ematen die Ibrahima Balde ginearraren bizipenei, eta horiexek harilkatzen jakin du maisutasunez. Amets Arzallus Irungo harreran asiloa eskatzen dutenei egin beharreko tramitazioetan laguntzen ari zela ezagutu zuten elkar. Bertan kontatu zion istorio gogorra: egun batean anaia txikia etxean falta zela jabetu ziren, eta Ibrahima haren bila abiatu zen, eta bide horretan basamortua, polizia, bahitzaileak, egarria, gosea, eta berebiziko mina ezagutu zituen.

Letra horietan deshumanizazioa zer den ondo erakusten da, gizakiekiko axolagabekeria, doako lintxamendua, zaurgarritasunak, mesprezuaren esperpentoa eta giza-degenerazio perbertsoak.

Horiek guztiak Afrikan gertatzen dira egunero, edozein bizitzaren inguruan, Ukrainan gertatzen diren bezala.