Elkarrizketa pribatuak ere edonor lotsagorritzeko modukoak izan daitezke testuinguruz kanpo. Ez zait batere larria iruditzen prentsaurreko bat amaitu duen edozein pertsona publikok konfiantzazko norbaiti "kazetari hori arlote hutsa duk" esatea, baina juzku horrek berak bestelako irakurketa izaten du mikro irekiren batek harrapatuz gero. Gure zenbat elkarrizketa pribatu lirateke lotsagarri testuingurutik kanpo aterako bagenitu? Horrek ez du esan nahi, ordea, maila pribatuan edonori edozer ontzat eman behar zaionik.

Duela lau urte pasatxo Espainiako Arandina futbol taldeko zenbait jokalarik sexu abusuak egin zizkioten adin txikiko neska bati. Gertakari nazkagarri haren ondoren, Rayo Vallecano taldeko infantilen entrenatzaile zenak honakoa jarri zuen WhatsApp taldean: "Este staff es increíble, pero nos faltan cosas, nos falta, sigo diciéndolo, hacer una pues como los de la Arandina, tío, nos falta ir y que cojamos a una, pero que sea mayor de edad para no meternos en jaris, y cargárnosla ahí todos juntos. Eso es lo que une realmente a un staff y a un equipo. Mira a los del Arandina, iban directos al ascenso."

Orain lau urtekoa da, baina duela gutxi jakin da horren berri. Orain, zer da eta Rayo Vallecanoko nesken entrenatzaile jarri dute pertsona hori. Barkamena eskatu du eta presidenteak onartu. Mutilen talde bat batzeko bortxagarri jotzen zituen neskak entrenatuko ditu. Ez dago iruzkin higuingarri horren larritasuna arinduko duen testuingururik. Bera bezalakoak balira, entrenatzen dituen neskek bortxatu beharko lukete erratz-kirtenarekin. Taldea indartzeko.