ILVAIN Pouvreau euskal idazlea izan zen, jaiotzez frantsesa, baina euskara ikastea erabaki zuen. Gai erlijiosoko obrak euskaratu zituen, tartean Giristinoaren dotrina izenekoa. Liburu sendo horretako kapitulu batean Iainkoaren Manamenduak, giristino guziek egin behar ditustenak idatzi zituen. Zazpigarrenean hala dio: Nihork duen ontasuna eztuzu ebatsiko, bai nori bere zuzena diozu bihurtuko. Eta hamargarrenean, honela: Bertzeren ontasunera eztuzu behatuko zuzen diren legeen kontra, bat ere iabetzeko.

Errazki da ulertzen, ezta? Zazpigarrenak hala agintzen du: ez lapurtu.

Egunotan Eliza Katolikoak esan du bere izenean inmatikulatu zituen hainbat ondasun, ia mila, ez zirela bereak. Eta hala zela jakinda ere, beraren-tzat gorde zituen? Hots, lapurreta egin zuen?

Elkarte dezente daude Elizaren jabegoaren kontra, inmatrikulazioak direla eta, izan ere, tenpluak, bordak, frontoiak, iturriak, baselizak, etxeak, edota nekazal landa eremuak ere bereganatu izan ditu. Badirudi Espainiako Elizak 30.000 propietate inguru dituela bere izenean jarrita, eta batzuk publikoak diren ondasunak lirateke. Zifra hori seguruenik txiki lotuko da benetako datuak agertzen direnean.

Aznar politikariari esker, Eliza katolikoak makina bat herritako ondasunak bereganatu zituen, ba-tzuk, ikusten denez, kontrolik gabe, eta orain, horiek itzuli egin nahi ditu zalantzazko jabea baitago tartean. Baina denbora zaharretan, Francok ezarritako lege batek edozein ondasun inmatrikulatzeko baimena ematen zion Elizari, eta horretarako nahikoa zen apezpiku baten sinadura. Ondasun horien bidez Elizak lortu duen eta lortuko duen diru kantitatea itzela da. Agian, Elizak berak ez ditu bere erlijioaren oinarrian dauden mandamentu horiek ondo betetzen.

Diruarekin eta boterearekin batera, eskandaluzko beste gai bat dago Elizaren izaera horretan: abusu sexualak. Joan den urtean Frantziako Elizak mea culpa kantatu zuen, hainbat urtetan, adingabeen kontrako 300 mila sexu-abusu kasu izan direla aitortu baitzuen. Espainiakoan noizko ikerketa argigarri bat?