SPAINAKO XX. gizaldiko filosoforik entzutetsuenetako batek behinola abestu zuenez: "Bizitzak berdin dirau". Eta halaxe da. Pandemiaren garaiak luze dirau eta, birusaren eragina leuntzen badoa ere, jarrera txarrek berdin diraute.

Irail honetako lehenengo zutabean berba egin nuen basakristauen gainean. Orduko hartan, euskal basakristauei buruz. Oraingo honetan, berriz, Kataluniako basakristauen inguruan jardun beharko dut. Izan ere, araudiak ezartzen dituen muga guztietatik kanpora egindako jaialdi edo geraldi batean, hara bildu zirenak Mossos d'Esquadrakoei oldartu zitzaizkien. Horraino, ohikoa (baina normala ez).

Hona hemen anormala: hara non lehengo egunean ETBren pantailara ekarri zuten jakintsu katalan bat, erasoaren errua jaien ereduari egotzi ziona, eta orain hilabete euskaldun batek esaniko badaezpadakeria berbera hizpidera ekarri zuena. Nik neure buruari itaunok egiten dizkiot:

Badago jai-eredu jakinik? Baldin eta jai-eredu jakin bat badago, azken urteotan jai-eredu horren arabera ibili diren guztiek eraso egin diete besteei? Norberaren erantzukizuna inori jaurtitzea bihar-etziko eredu bihurtzen ari da? Horrelako iritzi modernoak ematen dituztenek berdin esango zuketen oldartuak edo erasotuak haien senitartekoak izan balira?

Hemen erantzukizun bikarioa ageri zaigu argi eta garbi. Nik egiten dudana egiten dudala, nik eginaren erantzukizuna inork du: gizarteak, nire bizimoduak, edo auskalo zerk edo nork. Gizarte hau ez dut gustuko, geroago eta gutxiago. Berba asko egiten da balioen gainean, elkartasunari buruz, edozeren inguruan, baina nork bere burua hurkoaren mesedetarako jarri behar duenean, orduan atzera egiten dugu.

Hori da nahi dugun gizarte-eredua? Gizakumeok gizakumeengandik geroago eta urrunago egon nahi dugu? Inor arazo larri batean dagoenean, berari lagundu beharrean administrazioetako bati deituko diogu honek hari laguntza eman diezaion? Eta norberari lagundu behar zaionean...? Eta bitartean Estatu gurasoaren zain.