Zorionekoak dira benetan, eta ez dakite zenbaterainoko zortea duten, euren inguruan arazoei irtenbideak bilatzeko prest dauden pertsonak dituztenak. Aldiz, ez da batere erraza aurrera egitea arazoari buelta eta buelta ematea besterik egiten ez duten pertsonen artean zaudenean.

Urteekin gero eta balio gehiago ematen diot arazoen aurrean argi izpi bat bilatzen saiatzen diren pertsonez inguratzeari. Iluntasuna madarikatzen denbora asko galtzen ez duten pertsonak nahiko nituzke nire alboan, kandela pizten saiatzeko prest daudenak. Arazoari begira eguna igaro beharrean, lehenik eta behin euren buruei galdetzen diotenak: eta zer egin dezakegu hau konpontzeko?

Imajinatu une batez ze gertatuko litzatekeen mundu guztiak jarrera hori izango balu: parlamentuetan, adibidez, iluntasunari bueltak ematen itsututa ibili gabe, talde guztiak saiatuko balira adostutako irtenbide posibleak bilatzen; edo edozein giza taldetan, denak argi izpiaren bila jarriko balira, beti alde ilunari begira egon beharrean. Utopiatzat jo daiteke, bai, eta John Lennonen Imagine jarri al zaiola soinu banda moduan. Egia da, baina une batez bada ere, eman baimena zure buruari, eta imajinatu. Imajinatu zenbat argi.