DA. Oporrak. Eguraldi ederra. Donostiako parke batean nauzue biloben kolunpioak bultzatuz behin eta berriro, etengabe, eta bide batez zirrikitutik begira Euskal Herriko gaztetxoen zelaira. Oraingoan gaztetxoak ditut gogoan beraz. Eta noski, hoberena opa diet, baita euskal gizarteari eta guztion artean eraikitzen ari garen Euskal Herriari. Eta zirrikitu ezkutu honetatik elkarbizitza datorkit burura, zutabea eta giltza baita etorkizuna marrazteko. Eta pentsatzen dut elkarbizitzak borondatea eskatzen duela, zintzotasuna, erantzukizuna, historiaren eta biharko egunaren sena eta bide-batez ondorengoentzat lekuko hoberena uzteko borondate tinkoa. Elkarbizitzak seriotasunez hartu behar du gure Euskal Herri honetan izan diren indarkeria guztien biktimekiko elkartasun-ahalegina eta indarkeria bidegabea izan zela onartzea eskatzen du. Autokritika beraz, ezinbestekoa oroitzea. Zubigile lana. Ezin inor baztertu, guztiok dugu gonbita erronkan. Sinesmen politiko eta ideologikoak, nortasunak eta atxikipen nazional ezberdinak zilegiak izanik ezin oztopo bilakatu. Elkarbizitza eztabaida patxadatsu eta lasaia da.

Bestearen iritzia bidezkoa dela aitortzeko prest egon behar guztiok, agian batzuen batzuk besteak baino gehiago. Guztion lana da elkarri begirunez so egitea, erronka kolektiboa, aurrera begiratu behar adorez, ausardiaz, nekaezintasun eta erabakitasunez, sendo eta zuzentasunez. Premisa batetik abiatu behar: desberdintasunak aitortzea normaltasunez.

Ez da nahikoa existitzea eta toleratzea, bizi egin behar, elkarrekin bizi, lan egin eta ilusioa izan. Guztion artean lortu behar politika eta demokrazia garaile izatea. Jokoaren arauak errespetatu eta bide demokratikoetatik bakarrik defendatzearen printzipioa onartu. Elkarbizitza garaiak goiz-alba argi baten gisa alboan nabaritu nahiko nituzke eta ez soilik amets goxo baina supituki hautsi baten eran. Abertzale honek hoberena opa dio bere Aberria den Euskadiri. Kolunpiotan gaztetxoen biharko eguna daukat garun eta bihotzean.