ORONABIRUSAREN tiraniak gure biziak astintzen jarraitzen duen udara berri batean ari gara, berriz ere desberdin izaten ari den beste udara, errekorrek eta kontraesanek lotutakoa hain zuzen: herrietako jai guztiak bertan behera utzita, ez dago parranda eta kontrolik ezaren berri eman gabeko gauik; Delta deituriko covid-en aldaerak kutsadurak biderkatu egin ditu ezinezko zifretara iritsi arte baina, aldi berean, txertaketaren ehunekoa hazten eta hazten jarraitzen da ere; azkenik, dugun eguraldia ikusita, hormetan zilinkaturik dauden egutegietan ezezik, momentuz eta aurten, udarik ez. Halaber, aipatzekoa da ere pandemiak kobratu egin duen beste bidesari bat: Tokio-2020 delako Joko Olinpikoak, 2021ko Jokoak bihurtu bait direla. Urte ez bisiesto batean egindako azken Olinpiadak Parisekoak, 1900. urtean ospaturik, izan ziren. Beste errekorra... Eta errekorra da ere munduko tontorraren altuenarenari emandako altuera berria: duela hilabete gutxitik, eztabaida luze-urteen ondoren, Everest mendiak 8.848,86 metro neur-tzen ditu ofizialki. Tira, auskalo..... Himalaiak milioika urtean zehar mugitzen eta igotzen daramala, mendikatea sortutako plaka tektonirkoen arteko talkak aktibo jarraitzen duelako. Nolanahi ere, nahiz eta Everest-ak handitu egin, inoiz ez du gure mendi-gailurren iristezinako altuera gaindituko. Mendiez ari garenean norberak berea bait dauka. Nik neuk, Aiako Harria...

Itsas hondotik duela 250 milioi urte sortua, Euskal Herriko mendigune granitiko bakarra da gaur. Kantauriko itsasoan hondoratu baino lehen Txingudiko badiarantz zorrotz abiatutako hiru puntako harrizko izarra dirudi zerutik ikusita, dotorea, ahaikaria... Nere etxeko arbasoak, bata bestearen atzetik, gainditu duten ezinparegabeko gailurra hau seguru ez dela errekorra izango. Baina Hirumugarrietako tontorra zapaltzen dudan bakoitzean -ale gehiago azken bolada honetan- zerua bera hatz-puntakin ukitzeko gai naiz ni. Benetan dizuet: ez dago gailurrik nagusiena ezta podium olinpiko altuagorik ere.