Zirrikituetatik begira

Zoriona

04.02.2021 | 00:45
Zoriona

ZORION, etxe hontako denoi! Oles egitera gatoz, aterik ate ohitura zaharra aurten berritzeko asmoz. Ez gaude oso aberats diruz, ezta ere oinetakoz. Baina eztarriz sano gabiltza, ta kanta nahi degu gogoz. Santa Ageda bezpera degu Euskal Herriko eguna, etxe guztiak kantuz pozteko aukeratua deguna. Santa maitea gaur hartu degu gure bideko laguna. Haren laguntzaz bete gentzake egun hontako jarduna".

Gaztetatik ibili gara koadrila alegeran egun honetan Santa Ageda kantatzen auzoz auzo. Urteak joan eta urteak etorri, koadrila hori desegiten joan zen, eta aspalditik ez da horrelako kanturik entzuten gure auzo txikian. Ez da zorionez toki guztietan gauza bera gertatu, eta Agata Cataniakoaren omenez otsailaren 5eko bezperan ospatzen den kantaldiari eusten jakin dute Euskal Herriko txoko askotan. Neguak lokarturiko naturaren esna-tzea bilatzen duen ospakizun horretako kopla zaharrak kantatzeak eta makilekin lurra jotzeak badute hunkidura berezi bat. Ederra litzateke Santa Ageda kanta horiek guztiok esnatzeko eta pizteko balioko balute, aire eta itxaropen berriak sortuko balituzte, pairatzen ari garen egun hauetako tristura poztasun bilakatuko balute, etorkizunaren izara garbia gure begien aurrean berriz ezarriko balute, pandemiak ekarritako giro grotesko hori betiko desagerraraziko balute.

Baina aurten, nekez entzungo ditugu kantu horien soinua modu telematikoan ez bada, herri askotan kantaldi jendetsuak suspenditu baitira, gaurko egoera sanitarioak hala eskatuta ezin baikara bildu.

Tradizioak ere deuseztatu ditu pandemia dontsu horrek, eta galtzaile atera dira, denetarako ekarri baitu kaltea, denetarako goibeltasuna. Garai hauetan, nekazal munduan (eta esparru urbanoan ere) ohikoak diren inauteriak ospatzeko astia ez dugu hartuko, izan ere, Bilboko Konpartsek inauteriak bertan behera uztea proposatu dute, behar bezala antolatzeko osasun baldintza egokirik ez dagoela uste baitute. Aurtengo maskaradak ere ez dira batere seguruak Zuberoan, eta antzera dabiltza herri askotan.

Ez dira zoriona etxeetan sartzeko garairik onenak.

Más información

noticias de deia