Zirrikituetatik begira

Alemaniak

09.05.2020 | 00:23

ATZO ospatu ziren 75 urte Alemaniak, Hitlerrek bere buruaz beste egin eta 15 egunetara, errendizioa sinatu zuela. Handik 8 urtetara, 1953. urtean, zorraren % 62,6 barkatu zioten hartzekodun nagusiek (Frantzia, Britainia Handia, AEB) zein txikiagoek (Suedia, Espainia, Grezia, Iran, Jugoslaviak, adibidez) Alemaniari. 2008 Zor Krisian, mailegu bat hartzera behartu zuten Greziako Gobernua Europako buruzagiek Alemaniaren aginduz Greziako zor publiko gehiegi erosita zuten banku alemanak eta frantziarrak salbatzeko. Beraz, ailegatu ahala alde egin zuen diru hark greziarrengan banatu gabe. Zorrak, jakina, iraun badirau. Aste honetan Alemaniako Konstituzio Epaitegiak EBZ egiten hasi den Espainiako, Portugalgo eta Italiako zor publikoa bigarren mailako merkatuetan erosketa tranpa dela erabaki du. Maastrichteko akordioen kontrakoa dela, EBZk ezin baitu zor publikorik erosi. Max Weberren Etika protestantea eta Kapitalismoaren izpiritua liburuarekin akordatu naiz. Weberrek kapitalismoaren sorrera eta etika protestantea zuzen-zuzen lo-tzen ez baditu ere, kapitalismoaren sorrerarako etika protestantea ia ekidin ezineko baldintza dela argudiatzen du. Dena dela, gauza bat egia da egia dela uste badugu, etika horrekin begiratzen gaituzte hegoaldekook alemanek, eta etxekalte ageri gara haien begietara. (Euskal herritarrok ere bai sinesten duena sinesten duela Eusko Jaurlaritzaren etika protestanteak). Argi dago zerbait gaizki eraikita dagoela Europako arkitekturan, nazioen beraien egituraketa, Euskal Herriko independentista baten ikuspegitik begiraturik, esaterako; baina baita etika protestante horren gauzatze moduan ere uler litekeen EBZ nazioen zorrik ezin erosi izana, zein zuzenean haiei mailegurik ezin emana: hegoaldeko etxekalteen bizioak (abarra esaten zidan niri gure amak diruari begiratzen ez niolako) ez dituzte pagatu nahi alemanek, zeinek uste baitute dirua egitea bertutearen moduko zerbait dela. Pandemia garai hauetan inbidia eta errabiaren arteko sentimendu talka eragiten didate handik datozkidan berriak. Zein ongi eta zuzen egiten dituzten gauzak! (Bai? Gogoratu, zorra barkatu zitzaien).

noticias de deia