Zirrikituetatik begira

2020ari begira

30.12.2019 | 06:18
BADIHOAKIGU 2019. urtea eta 2020aren atarian gaude jada. Data hauetan, urtero egin ohi dudan ariketa da, batetik, urte zaharrak eman duena errepasatzea eta, bestetik, urte berriari zer ekarri egin behar diodan pentsatzea.
 
Aurrera, Salto Systems-eko zuzendari kudeatzaileari entzun nion esaten, aurtengo J.M. Korta saridunari, egunero jaiki behar dela bat pentsatuz egun horretan zer hobetu dezakeen; jarrera kontua dela eta, ondo kudeatuz gero, hedatzen dena, gainera (enpresako langileez ari zen). Eta bai. Erantzukizunez aritu nahi izatera, urte berriari zer eskatu nahi diogun baino areago tokatzen zaigu pentsatzea, urte berri horri zer eskainiko diogun. Zer dagoen gure esku edo zer ekarpen egin dezakegun, guretik, gure ingurunea apur bat hobea izan dadin. Eta gure ekarpen hori hedagarri egiteko.
 
Nik aurten, urtea bukatzeko, bi kolektibo ekarri nahi ditut gogora: genero indarkeriaren hatzamarretan hil diren emakumeak eta bizitza duinago baten bila intxaur oskolak baino arinagoak diren txalupetan itsasoratu eta bizitza galdu duten migrariak.
 
Oraindik jende asko dago pentsatzen duena pertsona horientzat, bai emakumeentzat zein migrarientzat, heriotza, bizitzan egin duten hautuaren parte dela.
 
Duela ez egun asko, adin ertaineko gizonezko bati entzun nion esaten mahai baten inguruan, migrariez ez garela arduratzen etxe joka ez ditugulako. Eta hildako emakumeez ere ezetz, ez ditugulako delako heriotzon zergati zehatzak ezagutzen. Errealitate horietan murgilduta bageunde, guk ere VOX-i emango geniokeela bozka, ordenaren alde.
 
Desinformazioa, boterearen monipolioa eta ezagutza eza dira gure gizarte aurreratuaren galga nagusietako batzuk, iritziaren demokratizazioa deitzen dugun ustezko askatasun bide manipulatuak itsutzen eta preso bilakatzen gaituelarik.
 
2020an, beraz, erabaki zuzenak hartzeko ezagutza hedatzeko lanetan murgilduko naiz, egunero, zer hobetu dezakedan oldoztuz eta nire esku dagoena emango dudala zin eginez.