LARUNBAT arratsaldeko lehen orduetan Gasteizko erdigunetik igaro-tzea egokitu zitzaidan eta konturatu nintzen, hasieran harriturik eta gero haserre batez ere, jantzidenda gehienek, edozein hiritan dauden kate eta marka horiexek, zabal-zabalik zituztela ateak. Tenperatura bost gradu ingurukoa izango zen; kaleak, orduagatik, oraindik hutsik. Kuriositate hutsez denda batera sartzera behartu nuen nirekin zebilen laguna, egiaztatu nahi bainuen barruko tenperatura: atea zeharkatu eta haize bero ufada desatsegin bat sentitu nuen. Bero zen barruan, aukeran beroegi, eta gainean nituen neguko jantzietako botoiak askatu behar izan nuen berehala. Kalean berriro ere kontsolabidea izan nuen ikustean bazirela denda gutxi batzuk (galzoriko espeziea, nik uste) ateak neguan itxita edukitzearen aspaldiko ohitura antza denez bitxia mantentzen zutela.

Txikitan ateak neguan zabalik uzten genuenean, guraso eta izeba-osabei entzundakoak etorri zitzaizkidan burura, katua alde egingo zuela eta horrelakoak, errietatik gertu beti, eta pentsatu nuen agian gaur egun kontzien-tzia ekologikoa deitzen den hori ez bazuten ere, gure aurrekoek, fisika eta ekonomia gehiegi ez, baina bazekitela beroa ate eta leiho irekietatik joaten dela (bai fenomeno bitxia!) eta (hara!) dirua eta energia alferrik xahu-tzen dela horrela.

Gaur egun ustez dugun kon-tzientzia ekologiko horretaz ez naiz gehiegi fio: normala irudi-tzen al zaigu negu gorrian dendetako ateak zabalik egotea? Beharbada ez da harritzekoa, gure politikariek eta enpresa-jabeek, denda horietako jabeek ere, ekologia eta “green” hitzak etengabe erabiltzen dituzte, baina gero energia erruz gastatzen dute, hilerri nuklearra jarri nahi digute Garoñan edo erraustegiak ahal duten lekuetan. Beraz, handiek egiten dutena imitatzen dugu txikiok, besterik ez: hitz asko eta gutxi egin. Horregatik uste dut kon-tzientzia ekologikoa handiagoa eta serioagoa egiten, eta kon-tzientziatik ekintza zehatzetara eramaten gaituzten ideia eta mugimendu guztiak behar ditugula orain.