ZORIONEKO hauteskunde gauetik Santiago Abascalen irabazle diskurtsoan “social” hitzaren aipamena azpimarratuko nuke. Sofan jauzi eginarazi eta, gainetik bada ere, ez naiz historialaria, 30 hamarkada gogoratu zidan. Soziala. Abascalek “diktadura progretik” arrantzatu eta balkoi hartaraino garraiaturiko hitza, hitz zakua, orotariko makulu dugun Ernesto Laclauren lezioaren arabera, adierazle huts bilakatua, hala nola, demokrazia, justizia, eta estu-tzen banauzue, elkarrizketa hitza bera. Abascalek ez zuen argitu nola helduko dioten “sozialtasun” horri. Ekonomiaren kudeaketa eta lan arloaren inguruan gauza gutxi diote haien programan: zergak jaitsi eta autonomoei kuotak gutxitu. Horri gehitu beharko genioke Rocio Monasteriok pentsioen pribatizazioaren aldeko aldarria. Beraz ekonomikoari dagokionez, ultraliberalak dira, ekonomia kapitalistari bere martxa egiten uztearen aldekoak, alegia. Sozialtasuna, beraz, ez da izango ezkerrak aldarrikatzen duen bezala sistemari errotik jarri nahi izango zaion brida, baizik eta soberan dagoenetik emandako karitatea.

Susmoa dut ordea Voxen diskurtsoan sozialtasun horrek tokia hartuko duela, jada ez zaielako nahikoa Espainia eta haren batasuna, “herriari”, hemendik aurrera erabiliko duten beste hitz bat, susmoa dut, jaten eman behar baitzaio.

Ultraliberalismoa, ordea, gaizki konpontzen da Trumpena bezalako protekzionismorekin. Sare eta hedabideetan puri-purian dagoen Vox 30 hamarkadako faxistak ote direneko eztabaidan, batzuek argudiatu dute langile klaseari interpelatze hori falta zaiela; bada hemen dago.

Irakurri dudan analisi baten arabera hala nola ukatzen duten langile eta enpresariaren arteko harremana, harreman berezia izanik, kontratu sozialetik harantz legeztatu egin behar dela, ukatzen dute genero biolentzia, biolentzia berezia izanik, bereziki legeztatu behar dela.

Interesgarria izango da ikustea ideia nahasketa hori nola uztartuko dituzten kanpoko etsaien, emigranteak, kontrako neurriak eta barneko etsaien, katalanak eta baskoak, kontrakoak, edo neurri ultraliberalak eta Espainiaren defentsa ekonomikoa, edo zergen jaitsiera bai ala baikoa eta sozialtasun hori. Dena asmatuta dago ekonomian, baina, hala ere, kontsola gaitezen, espektakulua behintzat badaukagu.