EL que canta su mal espanta”, abesten zuen Manolo Garcíak. Ez daukat zalantzarik. Ez dago maite dugun kanta bat abestea bezalakorik, barruko deabru guztiak kanporatzeko. Ez nuen aspaldi abesten, baina aurrekoan lagunarteko bazkari batean, gitarra atera zuen lagun batek, eta, hara, miraria gertatu zen. Denek abestu genuen, dena emanda, gure bihotza jarrita eztarrian, eta barruak hustu genituen. Aspaldiko kantak, garai batean guretzako esanahiren bat izan zutenak, edo oroitzapen batzuk pizten zizkigutenak?. Silvio Rodríguez agertu zen, noski, (Ojalá, Rabo de nube?), baina baita Hertzainak, Kortatu, Reincidentes, Mikel Laboa, Los Burros, Pata Negra, Los Suaves, Ruper Odorika, Itoiz, Paquita la del Barrio (!)? Nik dakit. Eta abestu eta barre egin, dena izan zen bat. Barre egin eta abestu.

Nire amonak esaten zuen abesten duen jendea, barrutik musika daraman jendea, fidatzekoa dela. Eta, benetan, musikak badu zerbait, halako energia berriztatzaile bat ordezkaezina dena.

Musikak bakarrik eman ahal dizun zerbait. Kaskoak jarri eta musika entzuten jartzea; edo lagun artean abestea; edo kon-tzertu batean musikarien taupadak sentitzea? Musikak gure emozioak pizteko duen gaitasunaz gain, energia kolektiboa sustatzeko duen ahalmena izugarria da.

Beethovenek esaten omen zuen musika, guztiaren gainetik, errebelazio bat dela. Musika entzunez, musika sentituz, bizitza honetan askotan ezkutuan dauden hainbat gauza agertzen direla, azaleratzen direla, eta intentsitate handiagoz bizitzeko aukera ematen digula.

Eta musikaz gozatu eta horrez gain, helburu on baten alde ekarpen bat egin nahi baduzue, datorren azaroaren 28an ez galdu, gaixotasun ez ohikoak dituzten pertsonen aldeko Enach elkartearen aldeko elkartasun kontzertua: Gari, Libe, Anari eta Jon Basaguren. Eskaintza ezin hobea. Jimmy Jazz aretoan. Musikaz gozatzeaz gain, musikak zenbat gauza transmititu ditzakeen egiaztatzeko aukera izango duzue. Gizartea eraldatzeko duen indarra.