gARAI batean, aritzea zen garrantzitsua. Jendeak euskaraz hitz egin zezan nahi genuen, akatsak egiteagatik ez zedin isilik gelditu edota erderetara pasatu. Eta garai horretan, edozer emango genukeen telebistan politikariak euskaraz hitz egiten entzuteagatik.

Denbora ez da alferrik pasa, ordea. Orain ere ezinbestekoa da jendeak euskaraz hitz egin dezan, eta biziki eskertzekoa politikariak euskaraz hitz egiten entzuteko parada izatea. Baina ez edozein preziotan. Aurreko astean ETB1ek eskainitako debatea benetan maila gabea izan zen. Euskal Telebistaren lehenbiziko katea aukeratzen duten ikus entzuleek ez dute programa hura merezi. Helburua ez da kupoa betetzea, ez ETB1ena, ez eta alderdi politikoena ere. Kontua ez da “bete dugu” esatea. Iritsi ote garen galdetzea baizik. Eta, horretarako, kalitatea behar da.

Ez dut erantzunik behar baina galdetu nahi nuke Espainiako edo Frantziako telebistek onartuko ote zuketen hizkuntza behar bezala menperatzen ez duten pertsonen jarduna ETB1en eman zen bezala eskaintzea.

Zein da ikus-entzulegoari eman zitzaion irudia? Zein helarazi zi-tzaion mezua? Hizkuntza traketsak ez baitakar ideiak ondo azaltzea, ez dakar konbentzitzerik, eta are gutxiago bihotza limurtzerik. Alferrikoa da maila horretan emandako debatea.

Euskara ez da abertzaleena, euskaldun guztiena baizik. Haatik, euskaldun guztiek daukate euskara ondo ezagutu beharra eta, are gehiago, herri hau ordezkatu nahi badute. Eta komunikabideen egitekoa da maila hori eskaintzen dela bermatzea. Bestela, erraza da tankera honetako erantzunak entzutea: “bueno, hay que contentar a todos y todas”, kupoa betetzeaz berriz ere.

Euskaraz tutik ez dakien batek, aurrekoan, halaxe esaten zidan lotsagabeki: “entre lo que habláis en castellano y lo que repetís, os entiendo casi todo”. Belarria egiten joateko bikotekidearekin aritzeko komentatu nion, eta erantzuna: “si, ya lo practicamos pero dice que lo tiene casi olvidado”. Falta zitzaion bakarrik esatea, “mañana participo en el debate de ETB1”.