BEHIN, barkaidazue nire buruaz mintzatzeagatik, Bruselan egon nintzen Transpoesie delako jaialdian poesia irakurtzen. Transpoesie jaialdiko hizkuntza guztiek estatuak dituzte salbu eta euskarak, eta Etxepare Institutuari zor zaio hor egotearen arrakasta, Espainiako kultura enbaxadoreari gehiegi gustatzen ez bazaio ere. Bertan nengoela flandrieraren enbaxadore kulturalak eskaini zidan irribarre ironikoaren bidez ohartu nintzen ni han egotearekin zer edo zer gertatzen zela, gero argitu zidaten bezala. Hartara, enbaxadore espainiarra kexatu omen zen ni ez nintzelako euskalduna nafarra baizik, eta Bilbon bizi nintzela azpimarratu ondoren utzi omen zion bekaina belzteari.

Jordi Puigneró, Politika digitala eta administrazio publikoko kontseilari katalanak XXI. mendeko Errepublika Digitala egitasmoa paratu zuen martxan Generalitatearen izenean. Egitasmoak 5 G eta blockchain delako teknologia berriak ezartzeko helburua du batetik, eta, bestetik, big data, adimen artifiziala eta gauzen interneta bezalako arloak sustatu nahi ditu.

Horraino, edozein gobernu modernok bultzatu nahiko lukeen egitasmoa, baina, oi Espainiako Gobernua ez da edozein gobernu, Espainiako Gobernua bakarrik izan daiteke Espainiako Gobernuaren enbaxadore, erreal, digital, eta, are, sinboliko, gehituko nuke. “Dekretu honekin frogatuko dugu Estatua mundu errealean bezain irmo izango dela mundu digitalean”, zehaztu du Pedro Sanchezek. “Generalitatearen hainbat orrialde paradisu digitaletan daude”, gehitu du Carmen Calvok. Ez galdetu zer den paradisu digital bat, oximorona baitirudi interneten oinarrizko ezaugarriei, irekia eta Lur osoa hartzen duena, erreparatuta. Laburpena: errepresio gehiago: gobernuak web orriak itxi ahal izango ditu epaile baten baimenik gabe. Dekretua Turkiako dekretu baten peto-petoa da. Bruselako poesia jaialdi hartara, gogoan dut, Turkiako Gobernuak ez zion Kaan Murat Yanik poetari joaten utzi. Halaxe dio bere poema batean: Apustu egitea debekatzen duen nazioak / seguru badituela joko ofizialak.