AZKEN boladan ezkerrean eztabaida sortu da identitate politikek klase borroka estalarazi eta benetako borroka, azken hori, ahuldu dutelakoan. Irailaren 21ean Harro kolektiboak Europridearen kontrako maniestazioa egin zuen gay harrotasuna antolatzen duten erakundeen ba-tzarraren kontra zeinetan 2022ko Bilboko hiriaren hautagaitza aurkeztu baitzuten. Manifestazioaren bukaeran, Bizkaiko metalgintzako langile bi igo ziren oholtzara arloko eskakizunak plazaratu eta kolektiboen arteko elkartasuna aldarrikatzeko.

Kalean galdetuko bagenu, segur aski, denek ere oso desberdintzat joko lituzkete bi aldarrikapen horiek, bi borrokek batak bestearekin zer ikustekorik ez dutela erabakita, kapitalismo berantiarraren lamien kantuak liluratuta izan gaituzten seinale, beharbada.

Uste dut antzeko iritziko diola gure lehendakari Iñigo Urkulluk, gauza bat da gay izatea eta beste bat langile izatea, gay jendeok jada arazorik sortzen ez dugun mundu honetan. Urkulluk, gainera, beti egiten du enpresarien alde, eta enpresarien alde egitea gay aberatsen, edo ertainekoen, alde egitea da; Iñigo Urkulluk segurutzat jo du Bizkaiko Metalgintzako Elkargoak “gatazka konpontzeko ahalegin guztia egin duela”, zalantzan paratu du, aldiz, sindikatuen gatazka konpontzeko nahia. Iñigo Urkulluk nik baino informazio gehiago izango du, baina nago gure lehendakariaren azalpenek gehienetan halako arbuio bat erakusten dutela protesta egile eta bake soziala hausten dutenekiko. Halaxe aurpegiratu diote sindikatuek oraingoan ere.

Mendebaldeko kulturan errotutzat jotzen ditugun eskubideak talkaren bidez dira lortuak. Talkaren bidez lortu ziren langileen eskubideak, gay jendeonak, emakumeenak, euskaldunonak (galdetu bestela Nafarroako euskaldunei), Bizkaiko zahar-etxeetako langileenak eta baita erretiratzean pentsioak izatekoa ere. Talkak, jakina, bake soziala leherrarazten du, eragile sozialen arteko elkarlana zailduz. Elkarlana talka baino hobea dela? Baiki, baina elkarlanarekin bakarrik ez genituzkeen izanen ditugun eskubideak. Bilboko erretiratuek bat egingo dute langile grebalariekin. Ergelkeria bat ematen du, baina ez da.