marianne Vos-ek historia egin du. Le Course By Le Tour edo Frantziako emakumezkoen itzulia irabazi du. Baina kirolean lortutako emaitzagatik baino areago, ondoren gertatutakoagatik ezagunagoa izango delakoan nago. Kirol froga bukatu bezain laster, prentsa aretora joan zen bere esperientziaren berri ematera eta prentsa aretoa hutsik aurkitu zuen. Kazetari bakar bat hurbildu zen emakumezko itzuliaren irabazlearen hitzak jasotzera. Eta hau guztia Frantzian gertatu da, askatasunen eta berdintasunen herrialdean. Laster hasi ziren sare sozialak gertatutakoa salatzen. Baita zuritu nahian ere. Edo errua norbaiti egotzi beharrean. Eta nortzuk onenak ? Bada, emakumeak. Batzuk zioten, emakumezko kazetaririk ere ez zela joan prentsa aretora. Beste batzuek, emakumezkooi ez zaigula txirrindularitza gustatzen eta gu geu garela lehenengoak emakume txirrindulariei bizkarra ematen? bazen erru guztia negozio aukerari egokitzen zionik ere: emakumezkoaren kirolak ez du dirurik erakartzen eta? normala balitz bezala horregatik kazetarien babesik jaso ez izana. Eta ez dira horiek arrazoiak. Ez dira emakumezko kazetariak behar emakumezkoen kirolaren berri emateko; eta emakumezkook ez ditugu emakumeek egindako kirol edo bestelako ekimen guztiak kontsumitu behar; eta negozioak asko agintzen duen arren, negozioa eta negozioen etika dago batetik, negozioak egiteko balioak bestetik, eta balio horien artean berdintasun printzipioak azkenik. Komunikabideen agenda setting-a ezarri zutenen eskuetan dago ardura osoa; ez zuten aintzakotzat hartu emakumezkoen itzulia babestea. Bazuten, Marianne Vos helmugara sartu zen unean, garrantzitsuagoa zen beste albiste bat emateko. Eta aurretik erabaki zuten hori horrela izango zela. Horixe da kakoa. Marianne Vos historiara pasatuko da. Zorionez, emakumezkoen itzulia irabazi izanagatik. Eta zorionez baita ere, Peter Cossins izeneko kazetari gizonezko batek gertatutakoa salatu duelako, emakumezkoek pairatzen duten arbuioaren berri mundu osoari helaraziz. Zoritxarrez, tankera honetako gertakariak eta salaketak behar ditugu, emakume eta gizonen arteko berdintasunak urratsak ematen jarrai dezan.