ago, politika publikoez aritzen garenean, gutxieneko zorroztasunarekin, arduraz jokatzea eta, kritiketatik harago, balizko irtenbideetan indarra jartzea eskatu behar diegula eragile guztiei. Izan ere, erraza da kritikekin ahoa berotzea, bestelakoa da, ordea, errealitatea gogoan, egin daitezkeenak adosten saiatzea. Gure osasun sistema goreneko postuetan dago estatuan gastu publikoari dagokionez. Era berean, goreneko postuetan dago herritarrei eskain-tzen zaien arreta, estaldura eta herritarren asebetetzeari dagokionez. Hori hain da horrela, non pertsona ugari ezagutzen dugun beste erkidegoetatik hona datozenak, besteak beste, gure osasun sistema dela kausa.

Gabeziak badira. Batetik, adinez aurrera doazen profesional ugari daudelako eta, denbora laburrean, ordezkatu beharra suertatuko delako. Hezkuntzan ere antzeko fenomeno bat gertatzen da, kontua da maisu-maistrak prestatzea are errazagoa eta denbora laburragoa behar dela. Bestetik, gizartea bera ere zahartzen ari da. Horiek horrela, herritarrei sasoi batean eskaintzen zitzaien arreta indartzea ezinbestekoa da, beraz, bestelako ezaugarriak barruratzen dituzten profesionalak behar dira. Azkenik, hainbat lanbidetan suertatzen den bezala, profesionalak inguru honetara ez ezik atzerrira begira ere egon ohi dira, horrek dakarren guztiarekin, ez dira baldintzak eta diru kontuak bakar-bakarrik, gaurko mundu globalean, gero eta eleanitzagoak diren profesionalentzat atzerrian lan egitea aukera erakargarria suertatzen ari da eta.

Nire ustez, hainbat bide jorratu beharko genuke. Osasun sisteman lan egiten duten profesionalak osotasunez kudeatzea, kolektibo batzuen ekarpena azpimarratuz eta balioetsiz. Bestalde, komeni da egun mediku-ikasketen inguruabarrean dagoen planteamendua, hainbatetan estatutik bertatik inposatutakoa izan dena, birpentsatzea. Eta, ildo horretan, ezinegona sorrarazten du euskarari buruz, ezjakintasunetik edota fede txarretik, egiten diren askotariko baieztapenak, jakinik, ikasketen ostean egin ohi den BAME edo MIR probak Espainiako Administrazioak deitzen eta antolatzen dituela, eta delako proba horiek, ikasleek derrigorrez gaztelania hutsez egin behar izaten dituztela, ikasketak zein hizkuntzatan egin dituzten kontuan hartu gabe, ikasleak behartuz ikasketak gaztelaniaz egin ditzaten. Diren baliabideak albait ondoen kudeatu behar ditu gure osasun sistemak, ez baitago unean uneko egoerari eran-tzuteko profesionalak erraz aurkitzerik, ez eta horren bidez behar den arta eskaintzerik. Nolanahi ere, komeni da halako kontuez ari garenean, mugikortasunaren aldagaia kontuan hartzea. Herri ertain eta handietan aukera ugari dago batetik bestera ibiltzeko... herri txikietan ordea, egungo mugikortasun eredua ez dago herritarren beharretara moldatuta eta toki batetik bestera ibili behar horrek zailtasunak areagotzen ditu, bereziki, adin batetik gorako pertsonak artatu behar direnean. Beharbada, halakoetan, hasteko, komeni da bestelako profesionalak -erizainak, kasu- mobilizatzea eta arreta- gune txikiak sortzea, besteak beste, landa-eremuko edota mugikortasunaren aldetik zailtasunak dituzten udalerriei begira.