Ekainaren zortzia Ozeanoen Nazioarteko Eguna da, planetari egiten ari gatzaizkion kalteaz ohartarazteko eta, ekimen kolektiboaren bidez, ozeanoak indarberritu daitezen engaiamendua hartzeko eguna. Izan ere, ozeanoak dira lurraren azalerarik handiena betetzen dutenak, guk arnasten dugun oxigenoaren erdia ekoizten dutenak, milioika pertsona elikatzen dutenak, bai eta gure jarduerek isuritako karbono dioxidoaren ia herena xurgatzen dutenak, berotegi efektuaren eragina apalduta. Nolanahi ere, ez daude egoera onean. Batetik, inolako neurririk gabe espezie gehienen gainustiapena sustatzen ari garelako, askoren iraupena kolokan jarriz. Ozeanoetatik birsortzeko gauza dena baino gehiago ustiatzen ari gara.

Bestetik, ozeanoetako uharrien erdia suntsitu dugu, planetako itsaso-ozeanoetan, plastikozko uharte zabalak sortu dira eta, hori guztia gutxi balitz bezala, gizakien eguneroko jardunak askotariko hondakinen estolda bilakarazi ditu ozeanoak. Finean, bizitza hondatzen ari gara, espezieak eta ekosistemak itzulezinezko egoerara hertsatzen ari gara. Norbaitek pentsa lezake hurbilen ditugun itsasoak sasoi batean baino garbiago daudela, ez dugula sasoi batean beste zikinkeria isurtzen. Nago, oso motel goazela, herritarrei uraren zikloaz hitz egin behar diegula, ahaleginak bizkortu eta indartu behar ditugula, han-hemen isurtzen dena eta jasotzen ez dena ingurumenean amaitzen baitu, eta hondakin horietako asko, itsasoan, errekek garraiatuta. Ikus dezagun nola dauzkagun bide bazterrak, kaleak, atsedenguneak, zenbat zabor jasotzen den mendian, hondartzetan eta naturaguneetan. Ez, ez gaude maila ematen ari, ez daukagu sorrarazten ari garenaren kon-tzientziarik, ez eta erantzukizunik hartzeko gogorik ere.

Alabaina, sasoiz gaude baldin ekimen kolektiboaren bidez egoerari buelta eman nahi badiogu. Ekinbide horrek tokian-tokian zein munduan jarduten batu behar gaitu. Tokian-tokian, gure isuriak albait gehien murrizteko, ekonomia zirkularra indartzeko, kontsumo- ohiturak eraldatzeko eta jasangarriak diren parametroekin ezkontzeko, energia berriztagarriei bultzada erabakigarria emateko eta industriak zein ekonomiak bestelako norabidean jartzeko. Eta munduan, gure ahalegina bestelako ahaleginekin uztartzea behar-beharrezkoa delako, behar denean, ezagutzaren eta teknologiaren transferentzia eginez eta egitasmoen partekatzea sustatuz. Orobat, ez dago zerura begira ibiltzerik, kontuak atzeratzen ibiltzerik... Munduan uzten ari garen aztarna albait txikiena izan dadin erabaki sendoak eta irmoak hartu behar baititugu.