Z dakit erosoen kopurua gorantza doanez edota herritarrek lehen baino kontzientzia handiagoa dutenez, are salaketa gehiago jartzen den edo bi-biak... Kontua da etengabeko jarioa dela emakumeen kontrako indarkeriarekin, abusuekin, bai eta gutxiengo diren bestelako gizataldeak erasotzearekin lotura duten berriak... Eta arriskua dago, ustezko normaltasunaren izenean, ekidin ezinezko kontuak balira hartzeko. Berdin dio ospakizunik dagoen, bai eta ospakizun horren zer-nolakoa zein den ere, batzuek pentsatzen baitute edozer esan eta egin dezaketela lagun hurkoaren kontra, areago talde baten babespean aritu daitezkeenetan.

Oraindik orain, jende asko dago emakumeak bigarren mailako-tzat, inoren zerbitzuko eta beharra asebetetzeko zerbait balira hartzen dituena. Inguruabar horretan, ez genuke inolaz ere gutxietsi behar egiazko berdintasunaren alde hedatzen ari diren araubide eta politika publikoen kontrako mezuak, zenbaitetan agintari eta ordezkari politikoek zabaldutakoak, zenbait arazo daudela ez onartzeaz gainera, arazo horiek betikotzeko borondatea erakusten dutelako eta emakumeak are egoera okerragoan egon daitezen sustatzen dutelako.

Beste horrenbeste esan daiteke gay, lesbiana eta bestelako harreman-bideak dituztenekiko eremu batzuetan zabaltzen ari den gorrotoa, bete-betean, aniztasunaren eta askatasunaren kontrakoa dena. Ez dakit pertsona batzuek zein frustrazio duten, etxean nolako heziketa jaso duten, zer-nolako balioak eta printzipioak barruratu dituzten... Baina kezkatzekoa da jazotzen ari dena, hainbatetan gazte-taldeen konplizitate eta isiltasuna izaten dituena.

Norbaitek pentsa lezake halakoak ekiditeko polizia eta kontrol neurri gehiago behar direla. Nago hori ez dela erabateko konponbidea. Gizarteak halako gertaeren aurrean behar du erantzun, gertaerok salatuz, gure artean ohikoak diren eta hedatzen diren bazterkeriazko mezuei eta irudiei oztopoak jarriz, etxean dauzkagun eginbeharrei eutsiz eta belaunaldi berriak bestelako balioen baitan heziz. Izan ere, ezer gutxi aurreratuko dugu indarra, bereziki eskoletan jartzen badugu, etxean, hedabideetan, agertoki publikoetan eta abar beste aldera begiratu edo salatu beharreko jokaerak erro-errotik mozten ez baditugu. Aniztasunaren, berdintasunaren, hurkoaren errespetuaren aldeko mezuak behar ditugu zabaldu, gizarteratu eta barruratu, erabaki irmoagoak eta sendoagoak hartuz norabide horretan, normaltasuna izan dadin oinarri eta zimentarri belaunaldi eta pertsona guztientzat. l