Baina nahigabeak ez zuen sugarra, itxaropena, behin betiko amatatzea lortu. Abertzaletasun demokratikoak arian-arian jardun eta jakin izan baitu, unean uneko zailtasunei aurre eginda, gizartearen indar nagusiak mobilizatzen, bai eta egitasmo berritzaileak abian jartzen ere, herri honen izaera indartu eta aurrera egin dezan lanabesak sorturik. Batzuek azken helburuen bila egunerokoa bazterrean lagatzen zuten eta duten bitartean, bestetzuk egunerokoa ari ziren eta ari dira lantzen, uste osoz, helmugara aiseago eta indartsuago iristen lagunduko digula. Herri askea eraiki-tzeko ahalegin nekosoan komeni da egin den bidea aldeztea, bai eta eginkizun daukaguna bistan izatea ere.

Gure gizartea asko ari da alda-tzen, erronka ugari dauzka aurrean. Nago horiei are errazago egingo diegula aurre lankidetza-eremuak eraikitzeko gai bagara. Horrek, ezinbestean, oinak lurrean jartzea eskatzen du, paradisuetatik ihesi eta frustrazioa, ez besterik, sorrarazten duten ezin lortuzko kontuak albo batera lagata, eta egin daitezkeenetan indarrak jarrita. Gure herrian auzolana izan da ataka eta erronka komunei aterabide kolektiboa bilatzeko giltzarria, egoera berrietara iristeko oinarria. Auzolana behar dugu atxiki, gizartean, elkarte eta erakundeen artean, norgehiagoka antzuak alboratuz, indar guztiak herri honen aurrerabidean jarriz. Gizarte hau behar dugu berriz ahaldundu, erakundeekin batera bera delako eraldaketa ororen abiapuntu, ardatz eta helmuga.

Amesten hasita, nahi nuke herri hau askotarikoa izateaz gain, askotarikoen artean eraiki dezagun, gure izaerari, kulturari eta hizkuntzari uko egin gabe, gainerako hizkuntza, kultura eta izaerei irekia. Nahi nuke aukera berdintasuna lantzen, guztien aukerak errespetatzen eta onartzen, ahulenak jasotzen dituen gizarte bateko partaide izan... non eskubideak eta betebeharrak erkide dauzkagun, non dauzkagun zerbitzuei dezakegun guztia ateratzen saiatuko garen... Bai, nahi nuke gure herriak tokia izan dezan Europan eta munduan, ez inori ezer kentzeko, gehitzeko baizik!