Ez dakit irizpideak garbi ote dauden, informaziorako eskubidea propaganda eta desinformazioarekin nahasten denean. Izan ere, Ukraina ez dago NATOn, ezta Europar Batasunean ere... Eta erakunde horietako kide izatera iristen denerako, inoiz iristekotan, denbora luzea igaro beharko da. Gainera, zergatik ezin da erakunde horietako kide izan, herritarrek, era demokratikoan, halaxe izan dadin erabakitzen badute? Ukrainako hiriburua zein inguruak ez daude ekialdean. Ondorioz, zergatik erasotzen dituzte? Ez da izango helburuen artean gobernu demokratiko bat eraistea dagoela? Ekialdeko gatazka eta Krimeako anexioa ez ote dira Errusiaren handikeriaren emaitza, Ukrainako 2013-2014ko iraultzaren ostean, parlamentuak Errusiaren menpekoa zen Janukovitx eta bere gobernua kargugabetzearen ondorioz, gertatua eta elikatua? Non da armategi biologikoa eta kimikoa, ez ote gabiltza gezur bati haizea ematen?

Zinez, ez dakit zer duen Putinek, ustezko progreak eta eskuin muturrean lerrotutakoak, bi-biak aldi berean eta adurra dariela, mirestera iristeko. Horrenbeste itsutzen ditu mendebaldearekiko herrak, ezen gizatasuna herdoildu baitzaie errusiar guztien baliabideen kontura aberastu eta milaka milioi xahutu, prentsa askatasuna ezerezean laga, gerraren kontrako aldarria egiten ausartu diren herritarrak atxilo hartu, oposizioa pozoitu eta inguruko herrialdeak mehatxatu egin dituen alproja horrekiko hurbiltasuna erakusteko? Horixe ote da ikuspegi kritikoari eta autokritikoari buruz aldarrikatzen dutenaren adibiderik behinena?

Errusiaren erasoak zazpi milioi ukrainar lekualdatzera behartu ditu; milaka pertsona, horietako asko zibilak, heriotzara kondenatu ditu; lurralde baten aberastasunak hamarkadetan atzera egitea ekarri du... lurralderik txiroenetan gosetea zabaltzea ekarri du... hori eta gehiago ekarri du Errusiaren inbasioak. Ukrainatik etorritakoak babesten dituzten eraikinak pintadez betetzen dituztenek haien izen-abizenak idatzita izenpetu beharko lituzkete ustezko balentria horiek, zinez, auzo lotsa sorrarazten dituztenak, ez besterik.