USKARARI buruz ari garenean, hainbatetan, halako mistizismo edota erromantizismo puntu batekin jarduten dugu. Entzuten dugu Europako hizkuntzarik zaharrena dela, kontinenteko gainerako hizkuntzekin loturarik ez daukana dela... edota, erdal senetik abiatuta, euskarazko hitzek halako etimologiak dituztela, horietako asko asmatuak, erdaren logikatik eraikiak izan direlako. Nago hizkuntzek zahartasun bera dutela eta, aurrekarietara joz gero, gizaki modernoak Afrikako lurraldeak lagata, mundura jauzi egin aurreko garaietara jo beharko genukeela.

Zerbaitegatik zioen Koldo Mitxelenak euskararen egiazko misterioa iraupena dela, ez jatorria. Izan ere, nola liteke Europan, Pirinioetako bi aldeetan hiztun-elkarte batek mendez mende irautea, inguruan zituen hainbat desagertu direnean edota hiztun-elkarte handiagoak eta boteretsuagoak alboan izan dituenean... eta dituenean.

Inguruan desagertu baitira bestelako hiztun-elkarteak, asimilatu dituztelako, prestigio edo bestelako arrazoiengatik haien hizkuntza bazter batean laga dutelako edo horretara behartu dituztelako! Kontuak kontu, gauza da euskaraz jarduten duen hiztun-elkarteak irautea lortu duela mendez mende, bizi-indar handiagoarekin edota apalagoarekin, baina irautea lortu duela. Hiztun-elkarteak eutsi diolako, bai eta arian-arian sortutako komunikazio beharrak, maila mugatuan bada ere, asebetetzeko egokitzen jakin duelako ere.

Ahozko jardunak ahalbidetu du euskarak iraun dezan. Etxeko suak segurtatu du euskararen belaunez belauneko transmisioa, debekuak, bazterkeriak, irainak, isekak eta arbuioak gorabehera... eta, denbora eta mailukaden puruz, sua itzaltzen ari zenean, sugarrak lagundu zion euskarari mende honetara iristen, indarberritzeko urratsak eginez baldintzak hobetu direnean.

Baina hizkuntza batek, bai lehen, bai orain, ez du irauten nahia adieraziz soil-soilik, hizkuntzek hiztunak behar baitituzte hizkuntza hori nonahi, nolanahi eta noranahi eramaten dutenak, hori izanik irauteko ezinbestekoa den osagaia. Hitz egitea, eginaraztea eta eragitea... horiexek dira ezinbesteko habeak hizkuntza txiki bati eusteko, garatzeko eta iraunkortasuna bermatzeko. Gainerakoak koplak, ondo gelditzeko itxurakeriak dira!

Euskara geuk behar dugu atxiki, guri dagokigulako, ez beste inori! Guk egiten ez badugu beste inork ez duelako egingo. Guri dagokigu gure aurrekoek utzi zigutena belaunez belaun transmititzea. Guri dagokigu desagerrarazi nahi izan zigutena berreskuratzea eta munduan barrena zabaltzea. Euskararen indarberritzea behar dugu bizkortu herri erakundeetan, familian, lagunartean, lan munduan, aisialdian... bizitzaren arlo guztietan. Pausoa behar dugu arindu, euskararen aldeko lekukoak bidea egingo badu eta lekukotasunak emaitzarik emango badigu!