Atzera begiratuz gero, denbora laburrean izugarri aurreratu da. Duela urtebete, inork ez zuen aurreikusten txertoak horren bizkor izango genituenik edota txertatze-kanpaina horren arrakastatsua izango zenik. Dena ilun, beltz eta eskas ikusteko dugun jarrera gainditu eta eginiko bidea balioesten eta eskertzen jakin beharko genuke! Edozein modutara, irekitzen den aldi berrian, orain arte zertan asmatu eta zertan ez, bakoitzak zein ekarpen egin duen aztertzen ere jakin beharko genuke, erronka berriei erantzuteko asmoz, dezakegun onena eskaintzeko eta albait ondoen bideratzeko.

Erronkak ugariak dira, dela zerbitzu publikoak eguneratzeko ikuspegitik, dela ekonomia eta enplegu duina sustatzeko eremutik, dela herri-erakundeetan aurrekontu berriak onartzearen aldetik, dela autogobernua paradigma berrietara egokitzeko bidetik, horietako zenbait aipa-tzearren. Horrek, ordea, proposamen eraikitzaileak eta egingarriak lantzea, adostasuna jorra-tzen saiatzea galdatzen digu, hauteskundeei begirako epe laburreko estrategiak gerorako lagaz.

Datozen hiletan aukera izango dugu hazkunde ekonomikoa enplegu duinetan isla dadin eragiteko, bai eta hazkundetik datozkeen baliabide berriak zerbitzu publikoak indartzen erabiltzeko ere; bidenabar, izurriteak eragindako zorra murrizteko ahalegina egin beharko da, etorkizuneko balizko krisi berriei erantzun ahal izateko baldintzak sortuko baditugu. Lapikoa sutan probatzen den bezala, herri bezala erantzuteko gauza ote garen probatzeko mementoa da... arazoak eta erronkak ugariak direlako eta ekarpenak ezinbestekoak direlako, denon aldetik. Herritarrek erantzunak eskatzen dituzte eta irtenbide horien peskizan lankidetzan aritzea ere bai. Gauza da-eta herritarren onura ala bakoitzaren interesak lehenetsiko ditugun, ezegonkortasuna areagotuz eta gizartea zartatuz, ehuntzen saiatu ordez.