Talaieroa

Arrapaladan!

20.05.2021 | 01:06
Arrapaladan!

NOTIZIA onak ematea mundu guztiak desiratzen duen kontua da, are gehiago agintean egonez gero. Izan ere, inori ez zaio gustatzen herritarren mugikortasuna mugatzea, etxeratze aginduak ezartzea, maskararen erabilera derrigortzea edota zenbait jarduera eten edo mugatu behar izatea ere... orain, mutur batetik bestera egin dugu jauzi, ia oharkabean. Ia dena da posible, laster batean maskara bisaiatik kentzera iristeraino. Nago, oso bizkor gabiltzala, sasoi batean zuhurtziaz, totelka eginiko urratsak, hartutako neurriak bazterrean lagaz eta ahaztuz. Geroak esango digu ondo ari ote garen!

Izurriteak zenbait lezio eman dizkigu. Alde batetik, egoera zailak kudeatzea zein zaila den eta, aldi berean, zein erraza neurririk gogorrenak har daitezen eskatzen ibiltzea eta, horiek baino apalagoak hartzen direnean, auzitan jartzea ere gehiegizkoak direlakoan. Nere buruari galde-tzen diodan kontua hauxe da: non geundeke oposizioan dauden zenbait alderdik gobernatuko balute? Lurralde bat gobernatzeko ardura izan eta zaborraren kontua arazo eta gatazka iturri bihurtu zutenek zer egingo zuten eskuartean daukagun egoera hau kudeatzeko ardura balute?

Beste aldetik, izurrite honen kontua ez da tokiko gertaera, mundu zabalekoa baizik. Horretxegatik, erantzunak halakoxea behar du, baldin egoerari zuztarretik heldu nahi badiogu. Lurralde batzuek izurriteari aurre egiteko baliabiderik ez dutenez gero, egoera onbidera-tzeko urteak beharko dituzte. Horrela, birusak gure artean segituko du eta mutazio berriak izanen ditu. Ondorioz, pertsonen mugikortasuna tarteko, birusaren aldaera berriek edozein unetan egingo dute beste lurralde batzuetara jauzi, lurralde horietan immunizaturik daudenen osasuna arriskuan jarriz. Inoiz baino gehiago maila globalean pentsatzea komeni da, gizatasunak halaxe jokatzea eska-tzen digulako... edo, besterik ezean, gaurko gizarteak mugiarazten dituen arrazoietako bati helduz, komeni zaigulako!

Daudenen artean, gure espeziea da ezagutzen dudan bakarra bera hartzen duen mundua desegiteko eginahaletan ari dena. Munduaren eremu zabalak ari gara kutsatzen, ustiaketa intentsiboa ahalbidetzeko ari gara paisaia moldatzen eta hondatzen... inoiz ezagutuko ez ditugun askotariko espezieak desagerrarazten ari gara. Hazteko eredu honek ez dauka etorkizunik! Eta aldatu ezean, orain arte izan ditugun abisuak areagotu besterik ez dira egingo, berotegi efektua eta hondamendi klimatikoa indartuz, izurriteen hedatzea zabalduz, arrazoi ekonomikoengatik pertsonen migrazioa bultzatuz eta abar... baina aldi berean, egoerari aurre egiteko heldulekuak ere baditugu, kontua da edonola bizi nahi dugun ala munduarekin elkarrekin bizitzen jarrai-tzeko bide berri bati ekin nahi diogun.

Más información

noticias de deia