pasa den asteburuan, nahi baino maizago gertatzen zaidan moduan, egiteko gehiegi elkartu zitzaizkidan denbora-espazio txikian, eta kasu honetan egiteko horiek mahai baten inguruan biltzekoak zirenez, ezin kexatuko naiz. Kontua da larunbat eta igandean bazkari bana izan nuela, eta horri gehitu kirol ekitaldiren bat eta team building ekintza horietako bat, gaur egun enpresetan nagusiak tartean behin horren gaiztoa ez dela erakutsi nahi duenean txisteratik ateratzen duen horietako bat, baina nire kasuan, nagusiaren esanetara ez eta lagun artekoa egin genuen, motu proprio.

Bazkarien ingurumariak desberdinak baziren ere, eta bakoitzean gai mordoxka bat landu bagenituen ere, gai bat errepikatu zen, sukalderako robot marabillosoena. Batzuek etxean zuten, beste batzuek ez, batzuek erosia, besteek oparitua, batzuek originala, besteek supermerkatu ezagun batek ateratako bertsio merkeagoa... baina den-denek genekien zertxobait horren inguruan, eta denok genuen iritziren bat gehitzeko. Hau gutxi balitz, asteleheneko bazkal ordua iritsi zen lanean, eta ezetz asmatu zein gai atera zen mahai gainera? Bai, robot marabillosoa, edo pureak egiteko makina garestiena, iritziak iritzi. Hiru egun segidan gai berari bueltaka, eta ez zen ez hauteskunde, ez Katalunia. Posible ote?

Pentsatu nuen agian zahartzen ari naizela, edo garela, lehen, duela ez hainbeste, mundua konpontzeaz hitz egiten baikenuen mahai baten bueltan, eta orain aldiz sukaldeko tresnez. Erromantizismoa eta mundu ideala alde batera utzi ditugu, eta praktikotasun hutsalean gelditu gara. Akabo gureak.

Gomendatu dezakete medikuek edo, kasu honetan, munduko txef onenek makina hau edo laban hura erostea, baina zure koadrilakoek esaten badizute, jaungoikoaren hitzak baino indar gehiago dauka, lehenengo pertsonan konfiantza osoko norbaitek esan dizu, ezin huts egin. Ausartuko nintzateke esatera afari bakoitzetik makina marabilloso horren erosle berri bat ateratzen dela, edo erosle potentzial bat behintzat bai, eta bat-bateko berotze horri paga extra gertu dagoela gehitzen badiozu arriskua biderkatu egingo da. Agian dirutza eltze garestian utzi ostean, errua partekatu nahian edo, erlijio berri honetara jendea erakartzeko joera garatzen du batek. Urrutiko intxaurrak hamalau zirela ikusi, gerturatu eta lau direla konturatu eta intxaur saltsa garesti atera zaigula onartzea zigor gogor xamarra gerta liteke-eta nork bere buruarentzat.

Astebete pasa ez eta garagardo batzuen bueltan berriz elkartu ginen lauzpabost lagun. Ez genuen sukaldeko tresnarik aipatu, ez genuen aldez aurretik adostu gaitegia, baina gailendu zitzaion gai bat beste guztiei. Ez zen futbola, ez zen politika, ez genuen mundua konpondu, ez genuen pure edo salmorejorik aipatu. Jainko berri bat agertu zen gugan, aurrekoak bezain garestia edo gehiago, denbora-lapur gupidagabea, hitz-aspertu ebasle eta diskriminatzailea: bizikleta marabillosoa.