Batek baino gehiagok amaitu-tzat jo eban denboraldia Valen-tziaren aurkako kanporaketea galdu ostean, batez be igaz kopako finalak galdu ostean Marcelinoren taldeari gertatu jakona ikusita. Onartu beharra dago kopako finaletik kanpo geratu izana kolpe gogorra izan dala. Kanporaketa lehiatua izan arren, ez genduan Athletic onena ikusi Valentziaren aurkako lehian. Ganera, Mestallako partiduaren bigarren zatian erasoan erakutsitako ezintasunak, mamu zaharrak ekarri ebazan gogora. Baina Marcelinok argi eta garbi azpimarratu dauen legez, denporaldia ez da amaitu eta talde zuri-gorriak ez dau amore emongo Europarako sailkatzeko borrokan. Levanteren aurkako partidua irabazi beharrekoa zan, bai ala bai, kopan gertatutakoa ahaztu eta Ligan gora begira ipinteko. Zuri-gorriek ez eben huts egin Katedralean gauza gitxi erakutsi eban taldearen aurka. Lehen zatian joko ona egin eta aukera garbiak sortu ostean, golak bigarren zatian iritsi ziran. Berenguer eta Vesga izan ziran onenak zuri-gorrien aldetik. Aitortu behar dot faltan botaten dotela Asier Villalibre sarriago ikustea bedartzan. Ez dago aukera bardintasunik.

Ligea amaitu arteko partidu guztiak oso garrantzitsuak izango badira be, San Mamesen jokatuko diranak erabagigarriak izango dira. Getafe, Elx, Celta, Atletico de Madrid, Valentzia eta Osasunaren aurka jokatuko dau Katedralean Marcelinoren taldeak eta etxeko sendotasunean oinarritu behar dau bere hautagaitzea Europan jokatzeko hurrengo denboraldian. Athleticek abenduaren 22an galdu eban azken partidua San Mamesen, Real Madriden aurka liga txapelketan. Ordutik, sei partidu jokatuko ditue exean zuri-gorriek eta bost irabazi, Bartzelona, Real Madrid, Espanyol, Reala eta Levanteren aurka eta bat bardindu, Valen-tziaren aurka kopan. Ganera, hamalau gol sartu eta bost jaso ditu sei partidu horreetan. Beraz, garbi dago, Europarako bidea Katedraletik igaroko dala.

Denboraldia amaitzeko hile bi ta erdi geratzen diranean, hondino ez dakigu Marcelinok Athleticen aulkian jarraituko dauen hurrengo denboraldian. Hasteko, ez dakigu entrenatzaile asturiarrak Bilbon segidu gura dauen. Levanteren aurkako partiduaren aurretik emon eban prentsaurrekoan bota ebazan mezuak entzunda, batek baino gehiagok pentsa leike asturiarraren etorkizuna ez dagoala Bilbon. Beste alde batetik, ez dakigu klubeko presidente barriak zein asmo dituen aulkirako. Alde horretatik, garbi dago ligearen azken txanpan lortutako emaitzek eragin zuzena izango dabela agintari barrien erabagian.