Bartzelonaren aurka irabazteko zer egin behar dan galdetuta, Marcelinok erantzun eban bere taldeak gauza guztiak ondo egin behar ebazala hiru puntuak eskuratzeko aukerak izateko. Zuri-gorriek gauza asko egin ebezan ondo edo bikain, baina arlo baten ez ziran bape fin ibili, gol aukerak gauzatzeko orduan hain zuzen be. Zoritxarrez ez da kontu barria. Athleticek aukera asko sortu behar ditu bateren baten baloia sareetara bidaltzeko. Bartzelonaren aurka jokatzen dauen taldeak, ganera, normalean ez dau aukera askorik izaten. Bada, Williams, Sancet eta enparauek aukera ugari euki ebezan Netoren atea zulatzeko baina langea dala, atzelariak dirala edo zuri-gorrien ezina dala, Marcelinoren taldea ez zan markagailuan aurreratzeko gauza izan bigarren zatira arte. Golak erosi egiten dirala esan eban Athleticeko entrenatzaileak baina inork baino hobeto daki klub honek ez daukala aukera hori erabiltzerik. Beraz, lanean jarraitu beharko dabe eraginkortasun mailea hobetzeko. Ez dago besterik.

Erasoan ezeze, defentsa lanean be bikain ibili zan Athletic. Zuri-gorrien presinoak ito egin eban Bartzelona lehen zati osoan. Presinoan berreskuratutako baloiei esker zuri-gorriak arin heltzen ziran aurkariaren atera. Presino horrek, baina, sekulako esfortzua eskatzen dau eta jokalari asko eihota egozan bigarren zatiaren erdialderako. Marcelinok bost aldaketa sartu ebazan baina aldeketok ez eutsoen ezer onik emon taldeari. Asier Villalibrek ez eban minutu bat bera be jokatzeko aukerarik izan taldeak gola behar eban arren. Bestalde, goraipatzekoa Oihan Sanceten lana. Nafarra hasi da bere onena emoten lehen taldean.

Zapatuko Bartzelonaren aurkako partidua historikoa izan da, zaleak harmailetara itzuli ziralako urte eta erdi luzean Katedraleko ateak itxita egon ostean. Marcelinok behin eta barriro esan dauen legez, zaleriak asko emoten deutso talde zuri-gorriari eta zapatuko partiduan barriro garbi geratu zan zaleen berotasunak aberastu egiten dauela etxeko jokalarien errendimendua. 10.243 zale baino ez ziran egon San Mamesen baina estadioa beterik egoala emoten eban, zale horiek bete egin ebelako Katedrala euren oihuekaz.

Unai Simon hasi da Lezaman lanean, Celtaren aurka itzultzeko asmoz edo. Nire uste apalean, derrigorrez jokatu behar dau Simonek? Julen Agirrezabalak ez dau merezidu hasierako hamaikakoan jarraitzea orain arteko partiduan egin dauen lan ona ikusita? Titulartasuna entrenamentuetan eta partiduetan irabazi behar da. Curriculuma eta galoiak bakarrik ez lirateke nahikoak izan behar hamaikakoan sartzeko. Bestela, Vivian kenduko dogu Yeray errekuperatzen danean?