Ezusteko ederra emon euskun Athleticek Benito Villamarinen. Izan be, aurretik liga txapelketan jokatutako hamabost partiduetan bederatzi gol bakarrik jaso ostean, inork ez eban itxaroten Betisek hiru bider zulatzea Unai Simonen atea hogei minututan. Aitearen egin orduko, Joaquinek eta enparauek ezerezean itxi ebezan zuri-gorrien ustezko sendotasuna eta fidagarritasuna. Ez da erraza norgehiagokaren lehen minutuetan gertatutakoa azaltzea. Gaizka Garitanoren eretxiz faktore batzuren batuketak ekarri eban zuri-gorrien hondamendia. Betiseko jokalari batzuren goi mailako dohainak nabarmendu ebazan Athleticeko entrenatzaileak lehen hogei minutuetan jasotako zaparradea ulertzen hasteko. Bere jokalarien intensidade faltea be aitatu eban eta nire uste apalean zuri-gorriek erakutsitako biguntasun horrek ahalbidetu eban Betisen oldarraldia. Menderatzeko aurkari gatxa dala erakutsi dau Athleticek Ligako lehen hamabost partiduetan baina Benito Villamarinen gertatutakoak argi eta garbi erakutsi dau intensidade maila altua mantendu ezean lehen mailako edozein talderen aurka galdu leikela. Betisen aurkako partiduko lehen hogei minutuetan gertatutakoa onartuezina da eta ezin da errepikatu etorkizunean, sailkapeneko goialdean jarraitu gura badogu behintzat.

Domekako lehiaren aurretik, Betis eta Athleticek ligan alkarren aurka jokatutako azken hamar partiduetan, zuri-gorriek bakarra galdu eben, zortzi irabazi eta bakarra galdu. Estadistikea alde euki arren, askok ez dogu inoiz ahaztuko 1982-83 denboraldian -Javier Clementeren Athleticek lehen ligea irabazi ebanean- zuri-gorriek Benito Villamarinen 5-1 galdu ebeneko partidua. Ezta bere, Esnaolak, Betiseko atezainak, Jose Anjel Iribarri 1977ko kopa txapelketako finalean geratutako penaltia. Kontuak kontu, Betis ez da inoiz aurkari gozoa izan Athleticentzat.

Benito Villamarineko partiduak garbi erakutsi deusku Raul Garciak sekulako garrantzia daukala Gaizka Garitanoren taldean. Naparra barik, taldearen erasoko jokoak indar eta eraginkortasun handia galtzen dau. Horregaz batera, neurtu ezineko gauza asko emoten deutsoz taldeari. Kenan Kodro zelairatu eban Garitanok Raul Garciaren lekuan eta ezer gitxi emon eutson taldeari. Bosniarraren errendimendu makala ikusita, zer pentsa emoten dau Asier Villalibreri minutu bat bera be emon ez izana taldea 3-1 galtzen joanda. Itxaron daigun Benito Villamarinekoa istripu bat izatea. Gertatutakoa aztertu eta ikasi egin behar dute zuri-gorriek. Baina zoratu barik.