PAPER bat hartu, eskuetan zimurtu eta puskatzeraino eramaten denean, ez dago lehengoratzeko modurik. Alferrik saiatuko zara paper-zatiak berriro itsasten izkinetatik apurtu badituzu, edo eskuekin lisatzen zimurdurak ezabatzeko. Alferrik: kasurik onenean, erabiltzeko moduan utzi ahal izango duzu, zimurtuta ere, baina paperak beti gordeko du eragindako kaltearen arrastoa, eta handik aurrera idatziko denean nabarmen agertuko da gertatuaren itzala. Nahi edo nahi ez elkarrekin bizi behar dugunez gero, ez genuke begien bistatik galdu beharko gure arteko bizikidetza paper hori bezalakoa dela funtsean, paper zahar bat baino ez, aurretik makina bat eskuek hara eta hona erabili dutena.
Paperak lehendik ere zimur itsusiak ditu, erreten sakonak. Luze joko du, lortuko badugu, urtetako lerro okerrak ulertzea, interpretatzea eta zuzentzea. Besterik ez dugu, ordea, eta jakin beharko genuke tentu handiz idaztea dagokigula guztioi, akatsik egin gabe.
Zimurdura itsusiak eragin dituzte inmigrazioa eta iruzurra txanpon beraren bi aldeak baino ez direla sinestarazi nahi digutenak. Oker daude, eta diotena ez dela egia erakutsi dute datuek, baina temati dabiltza, boto-ehiza merkean, bizikidetzaren paperean zirriborro ankerrak marrazten. Eta beste horrenbeste esan liteke euskararen alde lanean diharduten pertsona eta erakundeak jendilaje deitzeaz. “Morralla” hitzaren adieretatik horixe aukeratu dut nik PP-ko eledunaren aterraldia ulertzeko, hondakin ere sinonimotzat har nezakeen arren. Gustu txarrekoa izateaz gainera, arduragabekeria galanta delako.
Bizikidetzaren paperean egunero idazten ditugu, hamaika eskuez batera, bizimodua erosoagoa edo zailagoa, eramangarri edo eramangaitza egiten duten hitzak eta lerroak. Esaldi batzuk hutsalak irudituko zaizkigu, beste ba-tzuk inspiratu egingo gaituzte, eta beste batzuk gustu txarrekoak direla esango diogu elkarri. Halakoxea da bizikidetzaren idazkuntza: sekula ez guztion gustukoa.
Nork bere letrarekin idazten du bizikidetzaren paperean, eta elkar hartuko badugu, zuhurtzia eta ardura nahitaezkoak dira.